Autobus batetik besterako aldaketa doakoa izateko eskatu du EH Bilduk
Dbuseko autobus batetik besterako aldaketa doakoa izan dadin eskatu dio gaur EH Bilduk Eneko Goia Donostiako alkateari. Izan ere, EH Bilduk jakinarazi duenez, gaur egun autobus aldaketa egitean %75eko deskontua egiten du Mugi sistemak, eta Garbiñe Alkiza EH Bilduko zinegotziak azaldu duenez, deskontua %100ekoa izan behar da eta doakotasuna “berehala” martxan jartzeko eskatu diote alkateari.
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak autobus batetik besterako aldaketa doakoa izatea onartu zuen, EH Bilduk azaldu duenez, eta neurria martxan jarri ez izana “arrazoi politiko hutsengatik” da, zinegotziaren ustez. Datorren asteleheneko udal batzordeetan Pilar Arana zinegotziak erantzuteko zenbait galdera erregistratu ditu EH Bilduk, eskakizun horrekin lotuta.
“Donostiako Udal Gobernua atzean geratu da, beste behin ere, garraio publikoaren aldeko neurriak ezartzerakoan”, esan du Garbiñe Alkizak.