EAEko arlo publikoko langileek greba egingo dute apirilaren 22an
Sektore publikoan dagoen behin behinekotasun tasa "gehiegizkoa" salatuko dute apirilaren 22ko greba egunean. (Argazkia: LAB) Apirilaren 22an egingo den grebak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publiko osoa hartuko du, osasun-sistema eta hezkuntza barne. Administrazio guztietako langileak ere deituta daude greba egiteko: Estatuko langileak, Jaurlaritzakoak, diputazioetakoak eta udaletakoak.
ELA, LAB, ESK, Steilas, CCOO eta SATSE sindikatuek deitu dute greba, eta aldarri nagusia behin behinekotasunaren “gehiegikeriak” salatzea izango da; sindikatuek plazaratutako datuen arabera, EAEn langile publikoen %38,7a dago egoera honetan lanean, 58.700 pertsona inguru.
Sindikatuez gain, sektore ezberdinetako eragile eta antolakundeak ere greba deialdira batu dira, hezkuntzan eta osasungintzan adibidez.


