Giza Eskubideen Zinemaldian estreinatuko da 'Apaiz kartzela' lana
Apirilaren 23tik 30era izango da 18. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia. Massoud Bakhshik zuzenduriko Yalda, la noche del perdón (2019) filmak inauguratuko du zinemaldia Viktoria Eugenia Antzokian, hilaren 23an. Aldiz, bukaera emango dio Éric Barbierren Petit pays (2020) filmak, hilaren 30ean, leku berean. Egun horretan egingo den galan zinemaldiaren sari berezia jasoko dute Montxo Armendariz zuzendariak eta Puy Oria ekoizleak. Helbide honetan topatuko duzue egitaraua.
Guztira, 36 film –22 luze eta 14 labur– proiektatuko dituzte Antzoki Zaharrean eta Viktoria Eugenia antzokian, eta bi saio berezi egingo dituzte Tabakaleran eta Kresala Zineklubean (Trueba Zinemak). Film luzeen artetik nabarmentzekoa da Apaiz kartzela lanaren estreinaldia: 1960-1970ko urteetan Zamoran (Espainia) espetxeratuta eduki zituzten lau apaiz antifrankistaren istorioari buruzkoa da lana, Ritxi Lizartza, David Pallares eta Oier Aranzabalek zuzendua. Era berean, aipatzekoa da Aita Mari filma, Javi Julio argazkilari eta zinemagileak zuzendurikoa.
Zinemaldiaren barruan Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen 3. Azoka ere egingo dute, Eskura – Aieteko Giza Eskubideen aldeko Pedagogia-Baliabideen Zentroak antolatua. Bestalde, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak, zinemaldiarekin lankidetzan, BegiraTÚ prestatu du, giza eskubideei buruzko online joko bat.
Programazio hau solasaldiekin osatuko da, eta haietan parte hartuko dute filmen protagonistek, zinemagileek eta hizpide diren gai sozialetan adituek. Aurten, ikastetxeetarako proiekzioak ikasgeletan egingo dira. Hiru film ikusi ahal izango dira Internet bidez.
Sarrerak (4,50 €) datorren astelehenean, apirilak 19, jarriko dira salgai 11:30etik aurrera, Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia Antzokiko leihatiletan, eta Internet bidez. Doako emanaldietarako gonbidapenak egun berean, apirilak 19, jarriko dira publikoaren eskueran bi antzokietako leihatiletan.