Osakidetzak oraindik ez ditu jaso Janssenen txertoak

txertoa donostia 100 urte Adineko pertsona bat, koronabirusaren aurkako txertoa jasotzen, Bengoetxea kaleko osasun zentroan. (Argazkia: Osakidetza)

Osakidetzari asteazkenean iritsi behar zitzaizkion koronabirusaren aurkako Janssenen txertoaren lehenengo 6.850 dosiak, baina Espainiako Gobernuak estatu osoan banatzeko jasotako 146.000 dosiak gordetzea erabaki du, EMA Sendagaien Europako Agentziaren irizpideak izan arte. Izan ere, Johnson & Johnson enpresaren konpainia farmazeutikoaren txertoarekin lotu dituzten tronbosi kasuak aztertzen dabil EMA, eta ikerketaren emaitzak jaso arte txertaketa gelditu du Madrilek; EMAk datorren astean argitaratuko ditu emaitzak eta bere irizpideak. Hala ere, Frantziako Gobernuak ez du halako neurririk hartu, eta Ipar Euskal Herrian 55 urtetik gorakoak Janssenen botikarekin inmunizatzen jarraitzen dute.

Osakidetzaren 70 eta 79 urte arteko pertsonei zen Janssenen txertoa jartzekoa, baina, momentuz, itxaron egin beharko du. Donostian, Illunben ari dira adin tarte horretako pertsonak txertatzen, momentuz Pfizerren botikarekin. Era berean, AstraZenecaren txertoa jartzen ari dira 65 urtetik beherakoei zezen plazan. Horretaz gain, Anoetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako langileak eta erabiltzaileak txertatzen ari dira Pfizerren botikarekin; hilaren 8ra arte, AstraZenecaren txertoarekin ari ziren, baina Anoetan medikamentu horren txertaketa etetea erabaki zuten, eta Pfizerrenarekin ari dira orain.

Kontuan izan behar da AEBetan ia zazpi milioi herritarri jarri diotela Janssenen txertoa, eta botika jaso ostean izandako zazpi tronbo kasu dira ikertzen ari direnak (sei daude EMAren eskuetan), txertoak eragin ote dituen argitzeko. Ikertzeke dauden kasu urriak ikusita, EMAk nabarmendu du txertoaren onurak arriskuak baino handiagoak direla. Janssenen txertoaren atzerapenaren aurrean, Pfizerrek jakinarazi du hiruhileko honetan bere txertoaren 50 milioi dosi gehiago banatuko dituela Europako Batasunean.

 

 

HITZAkide HITZAkide