"Auzo bakoitzaren errealitatea hobeto ezagutzeko balio du"
Donostiako Udalaren 2021eko aurrekontuek ez dute aurrekontu parte hartzailerik izango. Aldiz, 2022ko eta 2023ko aurrekontuetan herritarrek parte hartzeko prozesua abian jarri du udalak. Une honetan, aurkezturiko proposamenak aztertzen ari dira.

Datozen bi urteetarako aurrekontu parte hartzaileen prozesua aurrera doa. Noiz abiatu zenuten?
Otsailean hasi zen prozesua 2022ko eta 2023ko aurrekontuak osatzeko. Intxaurrondoko Kultur Etxean bilera irekia egin zen hiriko auzo elkarte guztiekin. Bertan, azaldu zitzaien nolakoa izango den prozesua, nola aurkeztu behar diren proposamenak, nolakoak izan behar duten proposamen horiek, eta zeintzuk izango diren prozesuaren datak. Hortik aurrera, proposamenak aurkezteko epea zabalik da. Martxoaren 15ean zabaldu, eta 28an bukatu zen. Ondoren, apirilaren 12tik ekainaren 6a arte Partaidetza sailak eta departamentu ezberdinetako teknikariek proposamen guztiak aztertuko dituzte eta balorazioak egingo dituzte baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeko. Eta ekainaren 7tik 13ra proposamen guztiak argitaratuko dira, informazioa publikoa izateko, eta bertan zehaztuko dira zeinen artean bozkatu ahal izango den. Bozketa fasea ekainaren 14tik 27ra izango da, eta 28tik aurrera emaitzak jakingo dira.
Esan bezala, martxoaren 28an bukatu zen proposamenak aurkezteko epea. Zenbat jaso dituzue?
Guztira, 515 dira azterketara pasako diren proposamenak. Horietatik 423 auzo mailakoak dira, eta 92 hiri mailakoak. Proposatzaile motari dagokionez, 95 auzo elkarteek eginak dira, eta 420 norbanakoek. Horietatik, 265 gizonezkoek eginak dira, eta 249 emakumezkoek.
Aldiz, 38 proposamen baztertu dira; batez ere, fitxa bakarrean proposamen bat baino gehiago daudelako, eta eskatu diegu proposamen bakoitzeko fitxa bakarra egiteko. Beste batzuk ere baztertu dira, proposamenik egiten ez dutelako, eta kexak direlako, orokorrean. Proposamen guztiak Internet bidez jaso ditugu.
Jasotako proposamenek aurrekontuaren zein diru zati hartuko dute?
Alkateak eta Ogasun eta Finantzetako zinegotziak aurrekontu proiektua aurkeztu zutenean zehaztu zuten urte bakoitzeko 1,5 milioi euro bideratuko direla. Horiei gehitu beharko zaizkio Ekialdeko Barrutiarentzat egongo diren beste 421.000 euro, hala onartu zutelako Barrutiaren Batzarrean.
Modu telematikoan bilerak egin zenituzten herritarrekin eta auzo elkarteekin. Nolakoa izan zen esperientzia?
Oro har, esperientzia ona izaten ari da. Egia da modu birtualean egitea zaildu dezakeela prozesua, baina uste dugu jendeak erantzun egin duela eta modu positiboan gainera. Prozesuak auzo bakoitzaren errealitatea hobeto ezagutzeko balio du.
2021eko aurrekontuetarako horrelako prozesurik ez da egin. Zergatik?
Iazko martxoan abiatu genuen prozesua, baina osasun krisiak bertan behera utzi zuen. Prozesua luzea da, eta ziurgabetasun ekonomikoa ikusita, 2021erako aurrekontua ere atzeratu zenez, teknikoki ez zuen denborarik ematen prozesuari berriro ekiteko. Horregatik, erabakia hartu zen 2022ko eta 2023ko aurrekontuak osatzeko prozesua irekitzea urte honetan.