Brandenburgoko Atea, Donostian
Norteko geltokiaren ondoan dagoen atari apaingarriari 'Brandenburgoko Atea' deitzen diote herritar askok. 1905ean eraiki zuten, Maria Kristina zubiaren moduan. Parisera joan zen alkatea eraikitzeko baimena eskatzera.
Donostia maiz Parisekin alderatu dute: Frantziako hiriburuaren antzekoak omen dira Erdialdeko eraikin eta etorbide dotoreak. Gutxik hartu diote Donostiari, ordea, Berlinen antza. Hala ere, Alemaniako hiriburuko ikur nagusiaren homonimoa dugu hirian: Brandenburgoko Atea.
Izen ofiziala ez du hori, baina herritar gehienek Brandenburgoko Atea deitzen diote Norteko geltokiko atariari. Izatez, atari bat ere ez da, ez baita geltokiko sarbidea: Brandenburgoko Ate donostiarraren azpitik igarota eskailera batzuk daude, trenbidearen beste aldera igarotzeko pasabidera eramaten dute. Lekuz kanpo dagoela dirudien atariak historia bitxia du.
1864an eraiki zuten Norteko geltokia, eta ibaiaren beste aldearekin lotzeko beharraz ohartuta, 1893an egurrezko behin-behineko zubi bat eraiki zuten. 1905ean amaitu zuten Maria Kristina zubia.
Zubia zeharkatzean tren geltokira begira jarrita, aurrean komun batzuk zeuden. Hiriko agintariei ez zitzaien “dotorea” iruditu, eta atari apaingarri bat eraikitzea erabaki zuten, Brandenburgoko Ate moduan ezagutzen duguna, hain zuzen. Maria Kristina zubiaren moduan, 1905ean inauguratu zuten.
Baimena, Parisen
Proiektua udaleko Sarasola ingeniariak eta Goikoa arkitektoak egin zuten. Eraikitzeko baimena Trenbide Konpainiako zuzendariari eskatu behar izan zion Elosegi alkateak, eta Parisera joan behar izan zuen horretarako.
Hormigoi armatuak eskaintzen dituen aukera espresiboen adierazlea da atari apaingarria. Hala ere, Ancora elkarteak salatu du Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak ez duela Maria Kristina zubiaren osagarri bezala ulertzen, nahiz eta “koherentzia” estetikoa izan bien artean, elkartearen ustez.
2013. urtean desegin eta berreraiki zuten Brandenburgoko Atea.