Geltoki ondoko haritzak zutik jarraitzea nahi dute
Herripe auzo elkarteak, Altzako Historia Mintegiak eta Parkea Bizirik Kukulunbera talde ekologistak salatu dutenez, zuhaitz asko moztu dituzte Herrerako tren geltokia berritzeko lanetan. Era berean, obrak iraun bitartean eskailerak ez ezik, arrapalak ere jartzeko eskatu dute.
Otsailean hasi zituzten Herrerako tren geltokiaren irisgarritasuna hobetzeko lanak, eta azken egunetan auzoko hainbat eragilek eremuan egindako zuhaitzen mozketa salatu dute. Altzako Historia Mintegiak, Parkea Bizirik talde ekologistak eta Herripe auzo elkarteak geltoki ondoan dagoen haritza ez botatzeko eskatu dute.
Zenbait kartel azaldu dira haritzaren inguruan, bere lekuan mantentzeko eskatuz. Parkea Bizirik Kukulunberaren arabera, haritz hori auzotarren «memoria kolektiboaren parte» da, eta «berotze globalari aurre eginez osasuna oparitzen du». Elkarteak salatu duenez, haritza dagoen tokian eskailera batzuk eraikiko dituzte, tren geltokira igotzeko. Herripe auzo elkarteak geltoki ondoko zuhaitzen mozketa kritikatu du, gaur egungo egoeraren berri ematearekin batera: «Magaleko zuhaitz gehienak bota dituzte, eta bakarrik haritza mantentzen da zutik, eta botatzea da beraien aurreikuspena».
Donostiako Udalak prentsaren bidez izan du haritzaren aferaren berri. Horrela aitortu zion hedabide honi Eneko Goia alkateak, pasa den astearteko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. Ordea, udalak haritza babesteko eskaera zuzenik ez duela jaso adierazi zuen. Herripek otsaila hasieran eskaera bat erregistratu zuen udaletxean, Donostiako Udalari eta Obra eta Proiektuetako sailari azalpenak eskatzeko. Bi hilabeteren ondoren, ez dute erantzunik jaso.
Herrerako geltokiaren berritze lanetan dabiltzan teknikariak haritza ez mozteko aukera aztertzen ari dira. Dena dela, ez dirudi mantenduko dutenik, haritzaren lekuan eskailerak eraikitzea aurreikusita dagoelako. Eskailera horiek beharrezkoak dira egoera txarrean dauden egungoak ordezkatzeko.
Lanen albo-kalteak
Herripek kritikatu du geltokira iristeko soilik eskailerak jarri dituztela, eta ez dutela irisgarritasuna bermatzen. «Herri partaidetzarik gabe egindako proiektua da», salatu du auzo elkarteak. Proiektua lanak hasi baino astebete lehenago jakinarazi zieten, «nahiz eta urtebete pasa udalaren eskuetan». Ezagutu orduko lau eskaera egin zizkieten Renferi eta udalari: «Magalean dauden zuhaitzen babesa, pasabidearen gainean dagoen Altzako armarriaren leku aldaketa eta tratu egokia, Oxigraf aurreko pasabidearen moldaketa jendearen pasabide bihurtu dadin, eta argitzea ea Donostia alderako nasako igogailua erabilera publikokoa izango den, eta ez bakarrik geltokiko zerbitzurako».
Laster bi hilabete beteko dira auzo elkarteak egindako eskaeratik. «Trenbidera iristeko urte osorako egin dituzten bideak eskailerak baino ez dira, ez dago arranplarik». Hori dela eta, auzo elkarteak aldarrikatu du eskailera proiektua alda dezatela haritza han mantentzeko, eta irisgarritasun irizpideak errespetatuz, trenbidera iristeko pasabideak egokitzea.
Hamalau hilabete inguru iraungo dute Herrerako tren geltokia berritzeko lanek, eta 2,2 milioi euroko inbertsioa egingo du Renfek. Lanen proiektu zentrala irisgarritasuna hobetzea da; nasen altuera handituko dute, eta bi igogailu jarriko dituzte nasen arteko komunikazioa bermatzeko.