Gertuko naturaguneak ezagutzeko ibilbideak
Koronabirusak eragindako osasun larrialdia dela eta, une honetan jende pilaketak saihestea da mundu mailan lehenesten ari den neurrietako bat. Egoera horretan, Cristina Enea Fundazioak ibilbide autogidatuak diseinatu ditu Urgullen, Urumean eta Egiako parkean, ingurumenaz segurtasunez gozatzen jarraitzeko.
Ingurumenaren eta jasangarritasunaren inguruko kontzientzia hedatzea helburu izan du hasieratik Cristina Enea Fundazioak, eta horretarako, gidatutako talde ibilbideak garrantzitsuak izan dira. Orain, baina, osasun larrialdiak jarduera horiek arriskutsu egiten ditu, nahiz eta atari zabalean egin.
Hau dela eta, fundazioa autogidatutako ibilbideak garatzen ari da, Donostiako hainbat naturagune bakarrik eta segurtasunez ezagutzeko. Egiako parkean, Urumean eta Urgullen egin dituzte ibilbideak, besteak beste. Lehen bietan orientatzeko mapak eta audio artxiboak daude eskuragarri Cristina Enea Fundazioaren webgunean. Urgulleko mapa ere eskuragarri dago, eta audio artxiboa laster izango dute prest. Ibilbide berri hauei buruz gehiago jakiteko, Iker Aranberri Sarasua Cristina Enea Fundazioko komunikazio arduradunarekin hitz egin du irutxuloko hitzak.
Egiako parkean egin duten ibilbideak ingurumena eta historia uztartzen dituela adierazi du Aranberrik: «Parke ezaguna eta erabilia da, baina egunerokotasunean paso egiten dugu bitxiak diren gauza batzuetaz». Ingurumen aldetik, animalia, landare eta zuhaitz bereziak daudela dio, eta parkearen sorrera istorio polita dela gaineratu du. Fermin Lasala Collado eta Cristina Brunetti Mandasko duke eta dukesa XIX. mendeko Donostiako burgesiaren pertsonaia garrantzitsuak ziren, eta inguru horretan sortu zuen Brunettik bere etxea.
Ibaiaren txokoak
Urumea ibaiaz ezagutzen ez ditugun bitxikerien inguruko ibilbidea ere diseinatu dute Cristina Enea Fundazioko hezkuntza saileko biologoek. Kontxako badiatik eta Zurriolatik bertatik hasten da ibilbidea: «Urgull irla bat zen antzina, eta Urumearen sedimentuek kontinentearekin lotu zuten. Isolamendu hori dela eta, sugandila endemiko bat dago Urgull mendian». Maria Kristina zubiaren bitxikeriak ere azaltzen ditu gidak, eta ibai ertzeko faunaren eta floraren aberastasuna islatzen du: «Ibai ertzetan dagoen itsas mihilua marinelek erabiltzen zuten antzina bidaia luzeetan gaixotasunei aurre egiteko».
Altxorraren bila
Joan den urtean fundazioko kideek altxorraren bila jolasa garatu zuten Egiako parkean, eta izan zuen arrakasta ikusita, Urgullera eramatea erabaki dute. Aurretik ikastetxeei eskaintzen zieten jarduera bat da hau, Donostiako naturaguneak ezagutzeko modu dibertigarri moduan, eta pandemiak baldintzatutako testuinguru berri honetan biztanleria guztiari zabaltzea erabaki zuten: «Udaberrian gure fundazioak kudeatzen du Urgulleko Natur Txokoa, eta ingurumena eta historia uztartzen dituen jarduera bat egin nahi genuen. Horretarako, 1813. urtean oinarritutako neskato baten istorioa asmatu dugu, eta egundoko arrakasta izaten ari da!».
Luzarorako etorri dira
Azken hilabete hauetan garatzen ari diren ibilbide autogidatuek etorkizuna dutela adierazi du Aranberrik: «Orain arte modu apalean ia erabili ez dugun aisialdi eredu bat da, baina pandemiak txipa aldatzera behartu gaitu. Aurrez aurreko jarduerak ez ditugu albo batera utziko, baina pandemia amaitzean audio bidezko ibilaldi autogidatuak garatzen jarraituko dugu».