Iztuetako lanen ondorioz aldaketak izango dira autobus zerbitzuan bihar
Bihar eta etzi eraitsiko dituzte zutik dauden Iztueta kaleko pasabidearen azken zatiak. Eraisketa lanen ondorioz, hainbat aldaketa izango dira Dbusen autobus zerbitzuan, biharko 06:00etatik igandeko 06:00ak arte. 9 autobus lineari dagokionez, Epaitegiak, Tabakalera eta Egia 24 geltokiak Pinudi-Mirakruz 14ra eta Ametzagaina 14ra lekualdatuko dira, eta Frantziskotarrak eta Mandasko Dukea 3 geltokiak kendu eta Karmengo Ama Birjina 3ra lekualdatuko dira. 36 autobus linean, Euskadi Plazako geltokia kendu, eta Zuhaiztira eta Askatasunaren Hiribidea 20ra lekualdatuko da. 41 lineako autobusa ez da Egiatik pasatuko Gros-Egia noranzkoan, eta Egia 19, Frantziskotarrak, Mandasko Dukea 3 eta Euskadi plaza geltokiak kenduko dira eta Maria Kristina Zubira lekualdatuko dira. 42 lineari dagokionez, berriz, Epaitegiak, Tabakalera eta Egia 24 geltokiak Pinudi-Mirakruz 14ra eta Ametzagaina 14ra lekualdatuko dira.
Gainera, ez da tren zerbitzurik egongo ostiral gauerditik asteleheneko 06:00ak arte. Hernani eta Pasaia arteko tren zirkulazioa eten egingo dute, bi noranzkoetan. Hala ere, autobusez garraiatzeko aukera eskainiko dute Hernani-Donostia-Pasaia tartean. Bestalde, Iztueta kaleko trafikoa ere etenda egongo da larunbateko 06:00etatik igandeko 06:00etara. Iztueta kalera autoz sartzeko aukera bakarra garajeetan autoak dituztenek izango dute.
Otsail hasieran itxi zuten behin betiko Iztuetako pasabidea, eta ordutik eraisten ari dira. Asteburuan eraisketa lanak amaituta, trenbidearen azpiko errepide berria eraikitzeari ekingo diote, eta lan horiek abuztura arte luzatuko dira. Bizilagun asko kexatu egin dira lanek eragiten duten zaratagatik, besteak beste.