Liburuaren Eguna izango da gaur zortzi
Liburuaren Nazioarteko Eguna izango da apirilaren 23an, eta datorren asterako denetariko jarduerak antolatu ditu Donostia Kulturak, irakurleak erdigunean jarrita. Miren Asiain ilustratzaileak eginiko orri-markagailua banatuko diote liburutegietara gerturatzen den orori, eta “irakurzaletasuna bultzatzeko eta erabiltzaileen fideltasuna saritzeko”, udal liburutegiko hogei irakurle onenak sarituko dira, diploma batekin.
Hainbat kultur etxetan haurrentzako tailerrak eta ikuskizunak egongo dira hilaren 20tik 26ra. Hilaren 20an Liburu magikoen etxea izeneko ikuskizuna egingo dute, 18:00etan. Aieteko kultur etxean, berriz, Modesto kapitaina, itsasoko abentura ikuskizuna egingo dute, 18:00etan; eta hilaren 24an Animaliak keinu antzerkia egingo diete haurrei, 17:00etan. Intxaurrondoko kultur etxean Belardo ispiluan izeneko ilustrazio tailerra egingo dute 17:30ean eta 19:30ean; eta Tomasene kultur etxean Imanol Ituiño magoa izango da hilaren 24an, 17:30ean. 23an bertan Ana Galarraga Marikalanbre, bizitzaren laborategia liburuaren egileak esperimentuak eta zientzian oinarritutako bitxikeriak kontatuko ditu San Jeronimo kaleko kriptan. Helduentzako ere denetariko jarduerak eskainiko dituzte.