Herrerako tren geltokiko haritza oraindik ez dute moztu argindar kable batek zeharkatzen duelako
Parkea Bizirik Kukulunbera taldeak ohar baten bidez azaldu du Herrerako tren geltokiko haritzarekin gertatzen ari dena. Donostiako Udal Gobernuaren “gardentasun falta” salatu, eta haritzaren mozketa atzeratzeko arrazoia argitu dute. Horrekin batera, haritza babesteko eskatu dute, berriz ere.
Herrerako tren geltokia berritzeko proiektuak Renferen lursailetan zuhaiztiaren zati bat kentzea aurreikusten du. “Renfek eta udal gobernuak 2018tik datu hori ezkutatu diote iritzi publikoari”, azpimarratu dute. Renferen lursailean dago hainbat eragilek eta auzotarrek babesteko eskatu duten haritza. “Hostotsua da, aterki erraldoi baten antzekoa. Ederra da, eta gure hiriko ondare biziaren parte. Hori zaintzea errespetu eta borondate kontua da”, adierazi du Parkea Bizirikek.
Geltokian moztu dituzten zuhaitzen harira, ondokoa nabarmendu dute: “Duela egun gutxi, haritzetik gertu dagoen astigar zuri bat mozteari ekin zioten. Osasuntsu zegoen, hostoak jalgiak zituen, eta apirileko berezko distira guztia erakusten zuen. Baina zergatik ez zuten haritza moztu metro gutxira bazegoen? Zerk eragin die itxarotea beste proiektu bat idaztean hura errespetatzeko borondaterik agertu ez dutenei?”. Galdera horiei erantzuna eman die elkarteak berak; haritza argindar kable batek zeharkatzen du. “Iberdrolak kable hori kentzeko abisua jaso du, babestu nahi dugun zuhaitza mozteko. Hori izan da haritza ez mozteko arrazoia, herritarrei ere ezkutatu zaiena”.
Zuhaiztia mozteko arrazoia beste bat dela adierazi du Renfek. Hain zuzen, zuhaiztiaren lekuan geltokira igotzeko eskailera berriak jarri nahi dituzte. “Eskailera berriak haritzaren kokalekua ez den beste leku batetik igarotzeko beste proiektu bat idatz dezakete. Udaleko norbaitek, araudiak agintzen duen bezala, haritzaren mozketa baimendu eta sinatu behar du (lursail pribatuan bada ere), baina udal gobernuak baldintza hori saihestu eta iseka egiten dio, proiektua onartuta dagoela argudiatuz eta horrek berak zuhaitzaren desagerraraztea dakarrela ulertzen dela. Halaber, Iberdrolak haritzarekin errespetuzko proiektu bat aurkeztu arte ez duela bere adarren artean doan kablea kentzen argudia dezake”, azaldu du Parkea Bizirikek.