Lide Hernando eta Andoni Mutiloa izango dira apirileko 'Bikografiak' saioan
Ostiralean, hilaren 23an, egingo du Bagera elkarteak apirileko Bikografiak saioa, eta Lide Hernando musikaria eta Andoni Mutiloa kazetari eta aktorea izango dira parte-hartzaileak. Koronabirusaren pandemia dela eta, saioa Internet bidez egingo dute, eta zuzenean jarraitu ahal izango da Bageraren Youtubeko kanalaren bidez, 18:30ean.
Hernando Liher rock talde donostiarreko burua da, eta hiru disko argitaratu ditu dagoeneko bere taldearekin. Bestalde, Mutiloa kazetari lanetan aritu zen urte luzez, baina aktore izateko grina piztu zitzaion, eta Esnatu naiz kabareta sortu zuen. Ostiraleko Bikografiak saioan Maite Bidarte kazetariak egingo ditu bien arteko moderatzaile lanak.