Santu Guztien eliza zegoen lursailean zaharrentzako egoitza pribatu bat eraiki nahi dute
Eraitsi dute Intxaurrondoko Basotxiki kaleko Santu Guztien eliza, pasa den astean eraikina botatzen hasi ondoren. Lursailean 80 pertsonarentzako lekua izango duen sei solairuko zaharren egoitza bat eraikitzea aurreikusten du Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak. Hain zuzen, 2019ko urrian Donostiako Udalak Plan Orokorra aldatu zuen egoitza horren proiektua ahalbidetzeko.
Proiektua onartu zenean, lursaila Donostiako Gotzaindegiarena zen. Ordea, Gotzaindegiak IRUTXULOKO HITZAri azaldu dionez, lursaila “hirugarren bati” saldu zioten, eta, beraz, lanak ez daude euren esku dagoeneko. Hala ere, hedabide honek ezin izan du argitu nor den orain lursailaren jabea, ezta lanen epeak zeintzuk diren ere.
1980ko hamarkadan eraiki zuten Santu Guztien eliza, Basotxiki kalearen eta Mons pasealekuaren artean dagoen 1.750 metro karratuko lursailean. Hala ere, urte asko daramatza kulturik jaso gabe eta hutsik.