Urgull mendiko Jesusen Bihotzari "beste esanahi bat" emango dio udalak
Donostiako Udalak Urgull mendiko Jesusen Bihotzaren eskulturari “beste esanahi bat” emango dio, Ane Oiarbide Berdintasun zinegotziak azaldu duenez. Izan ere, Elkarrekin Donostia taldeak udalari proposatu dio 1950. urtean udal gobernu frankistak Urgull mendiaren tontorrean eraikitako eskultura erlijiosoari “esanahi berritu bat” emateko, eta hori egiteko asmoa dutela adierazi du Oiarbidek. “EAJ-PSEren gobernuak gure eskaria entzun du, Jesusen Bihotzaren monumentuaren jatorri frankistaren inguruko egia ezagutaraztea, alegia. Aurrera egin da memoria historikoaren oinarrizko printzipioak betetzen, eta printzipio horiek egia, justizia eta frankismoaren biktimen erreparazioa dira”, esan du Haizea Garai Elkarrekin Donostiako zinegotziak.
Memoria Demokratikoaren Legea prestatzen ari dira Espainiako Kongresuan, eta “hura aplikatzeko eman behar diren aurretiazko urratsei buruzko txosten bat” eskatu dio Elkarrekin Donostiak udalari. Gainera, “hobiak berreskuratzeko plan bat” eskatu dio Garaik Oiarbideri. Izan ere, Elkarrekin Donostiak azaldu du 1936ko gerrako hildako batzuk Uliako hobi batean lurperatuta daudela Gogora Eusko Jaurlaritzaren Memoriaren Institutuaren ikerketa baten arabera. “Garrantzitsua izango da udal gobernuak Gogora Institutuari eskatzea presaz jardun dezala eta txostena egin dezala, esparru horretan jardun ez delako”, azaldu du Elkarrekin Donostiako zinegotziak.
Urgull mendian Jesusen Bihotza omentzen duen eskultura erraldoia dago 1950. urtetik. Egun hiriko paisaiaren parte den arren, udal gobernu frankistaren ekimenez eraiki zuten. Eraikuntza lanez Pedro Muguruza arduratu zen, Erorien Harana egin zuen arkitekto frankista.
Monumentuari buruzko erreportaje historikoa egin genuen urtarrilean.