Arbaizeneako basoa "defendatzeko" eskatu du Morlanstarrak auzo elkarteak
Morlans, Aiete eta Amara lotzen ditu Arbaizeneako basoak: Donostiaren erdigunean dagoen basoa hiriaren biriketako bat da. Morlanstarrak auzo elkarteak basoa “zaintzeko” eskatu dio Donostiako Udalari, basoko bioaniztasuna eta ondare arkeologikoa babesteko. “Morlansetik Aietera igotzen den igogailuaren eskubian ondare arkeologikoa dago: harraska eta kutxatilak. Hor zegoen ura erabili zen Donostiako sutea itzaltzeko 1813an, eta garai batean oso garrantzitsua izan zen Morlansetik zetorren ur hori. Harraska oso berezia da formarengatik eta garbitzeko moduagatik, eta erabat utzita dago. Arrasto horiek ez dira zaintzen. Arbaizeneako luxuzko etxebizitzak egin zituztenean ur hori kanalizatu egin zuten, baina harraska eta kutxatilak hor utziak dituzte. Arketak puskatuta daude, eta labaderoa ez da ikusi ere egiten”, salatu du Ana Urrestarazu Morlanstarrak auzo elkarteko kideak. Basoko ondare arkeologikoa zaintzea eskatzeaz gain, bioaniztasuna errespetatzeko ere eskatu du auzo elkarteak, zuhaitz, txori eta bestelako animalia ugari baitaude basoan.
2018ko udalaren aurrekontu parte hartzaileen proiektuan Arbaizeneako basoa babesteko proiektu bat aurkeztu zuen Morlanstarrak auzo elkarteak: basoa garbitzea, zuhaitzak eta ondare ekologikoa katalogatzea, txorientzat kabiak jartzea, ondare arkeologikoa babestea eta bidexka bat egitea eskatu zuten. Eskaria onartu bazen ere, “proiektu hori oraindik ez da egin”, Urrestarazuk salatu duenez.
Arbaizenea basoa 1997an saldu zion Alba familiak Donostiako Udalari. Udalaren esku dagoen 10 hektareako eremuan –Arbaizeneako basoan, alegia– Txanpon Enea parkea eraikitzeko asmoa du udalak ordutik: Morlanstik, Amaratik eta Aietetik sarbidea izango duen berdegune bat. Hala ere, ez dute ordutik proiektua martxan jarri. Basoaren gaineko eremuan, luxuzko etxebizitzak eraiki dituzte Jose Olaizola kalean, eta promozio berri bati ekingo diote Txanpuene baserria zegoen tokian. Basoari “pusketak kentzen” ari direla salatu du Urrestarazuk: “Metroaren obrak egiteko zati bat kendu zuten, igogailuaren ondoan etxe dotazionalak egin nahi dituzte, eta hor ere basoari leku gehiago kenduko diote”, azaldu du.
“Arbaizeneako basoa garrantzitsua iruditzen zaigu, ez soilik Morlansko bizilagunentzat, baizik eta donostiar guztientzat. Horregatik, bioaniztasunaren aldetik, defendatu behar dugu”, azaldu du Urrestarazuk.