'Bilintxen Menda' bertso hamabostaldia egingo dute maiatzean

Apirilaren 28an 190 urte beteko dira Indalezio Bizkarrondo Bilintx bertsolari donostiarra jaio zenetik, eta urteurrenaren harira, Bilintxen Menda bertso hamabostaldia antolatu dute Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak. Bertsolaritza ardatz hartuta, lau ekitaldiz osatuko dute maiatzeko lehen hamabostaldian egingo duten Bilintxen Menda.
Maiatzaren 2an Bilintxen Menda hitzaldi musikatua emango dute Unai Agirre, Eñaut Agirre, Maddalen Arzallus eta Amets Arzallus bertsolariek, 19:00etan, Antzoki Zaharrean. Hitzaldi musikatuan Bilintxen bizitza eta pentsamendua aztertuko dituzte. Erdaretatik bertsotara izeneko mahai ingurua egingo dute, berriz, maiatzaren 6an, 19:00etan, Okendo kultur etxean. Jon Maia, Jone Uria eta Aitor Servier bertsolariek erdaretatik plazetara eman zuten pausoaren inguruan jardungo dute. Izan ere, Bilintx donostiarra eta euskalduna zen, eta bere aitona Huelvakoa (Espainia) zen.
Maiatzaren 11n Imanol Lazkano bertsolari azpeitiarrak bertsolaritzak belaunaldiz belaunaldi izan dituen aldaketak aztertuko ditu Gorbatatik piercingera hitzaldian, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokiko Club aretoan. Amaitzeko, maiatzaren 14an Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek bertso saioa egingo dute Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal aretoan, 19:00etan. Gaiak jartzen Joxerra Gartzia arituko da.
Sarrerak salgai daude dagoeneko donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eta Viktoria Eugenia antzokiko, Antzoki Zaharreko eta Lugaritz kultur etxeko leihatiletan.