Elkartzeko eta hausnartzeko lekua izango du Dock of the Bay jaialdiak

Musika dokumentalen Dock of the Bay jaialdiak aurtengo kartel koloretsua eta egitarauaren aurrerapena aurkeztu ditu. Ekainaren 7tik 12ra bitarte izango da 14. jaialdia, Antzoki zaharrean eta Trueba zinema aretoetan. Alexander Calder artistaren mugikari zintzilikarien eta Bruno Munari artistaren Le Macchine Inutili lanen eraginarekin, metakrilato gardenezko berea propioa diseinatu eta eraiki du Jorge Primok (Estudio Primo), ondoren argazkiak egin eta grabatzeko.
Programazioari dagokionez, elkartzeko eta hausnartzeko Elkarrizketak gunea sortu dute. Koldo Mitxelena Kulturunean egingo dituzte Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean. Aaron Rodriguez Serranok koordinatuta, Zelaiz kanpo: kultura berrabiaraztea izenburua izango du Elkarrizketak atalak. Musikaren eta zinemaren etorkizunari buruzko solasaldi guztiak menderatzen doan galdera batetik abiatzen da egitasmoa: “Nola berrabiarazi gure etorkizuna?”. Horretarako, hainbat teorialari, kritikari, programatzaile eta zinema zuzendari gonbidatu dituzte.
Lehena ekainaren 9an izango da, eta sorkuntzari buruz ariko dira. Xabier Erkizia konposatzaile, soinu artista eta arte ekoizleak, Marina Lameiro zinemagile eta Dardarako zuzendariak, Arantzazu Calleja konposatzaile eta Akelarre filmarekin Goya irabazi duen sortzaileak eta Leire Apellaniz zinemagile eta ekoizleak parte hartuko dute. Egun bat beranduago, ekainaren 10ean, industriaz eta jaialdiez hausnartuko dute ondorengo gonbidatuekin: Maialen Beloki Ziemaldiko zuzendariorde eta Dock of the Bay jaialdiko epaimahaikidea, Esther Cabero kultura kudeatzailea eta Kimuak euskal film laburren sustapenerako eta banaketarako programaren koordinatzailea, eta Jara Ayucar Zineuskadiko komunikazio arduraduna