Perimetralki itxita hasi du gaur eguna Donostiak
Donostiak 400eko intzidentzia metatua ostiralean gainditu zuen, eta 480,84koa zen atzo. Horregatik, Osasun Sailak hartutako erabakiaren ondorioz, Donostia perimetralki itxita egongo da gaurtik aurrera. Ondorioz, gaurtik aurrera Donostiako mugak itxita egongo dira, eta zenbait neurri murriztaile jarriko dira indarrean.
Batetik, ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztuko dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezingo da tabernen eta jatetxeen barruan egon. Bestetik, apustu-etxeek ostalaritza zerbitzua barruan baino ezingo dute eman, zehaztutako ordutegietan. Gainera, ezingo dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, baina kirolari profesionalak eta federatuak neurri horretatik salbuetsita daude. Aldagelak eta dutxak itxita egongo dira; igerilekuetan %35eko pertsona kopurua onartuko dute, eta dutxak bakarka erabili ahalko dituzte.
Donostia itxita egongo bada ere, inguruko udalerrietara joateko aukera izango da erosketak egitera edo aire libreko kirola praktikatzera.
Gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraituko dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –kanpoaldean, soilik–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Hiriaren itxialdi perimetrala 400eko intzidentzia metatua baino baxuagoa duenean amaituko da. Euskal Herriko gainerako udalerri gehienen kasuan bezala, Donostian da “laugarren olatua”, eta koronabirus kasu positiboek gora egiten jarraitzen dute. Ondorioz, kasu kopurua murriztu arte eta txertaketa prozesua azkartu arte Donostiako mugak itxita egongo dira.