Santa Klara uharteko kai-muturra konponduko du udalak
Donostiako Udalak Santa Klara uharteko kai-muturraren lurreztatzeko proiektua onartu du. Helburua da egitura horren zimenduak sendotzea, egonkortasuna bermatzeko eta uhartearen itsas komunikazioak behar bezala garatzen laguntzeko. “Konponketa hau beharrezkoa da, ekaitzak eta olatu handiak direla eta, dikea azpitik zulatzeko eta hausteko arriskua dagoelako”, azaldu du Eneko Goia alkateak.
TYPSAk idatzitako proiektuak 261.781 euroko aurrekontua du, eta hiru hilabeteko epea du gutxi gorabehera. Ez dira kontuan hartu lan jakin bat egitea galarazten duten balizko egoera klimatiko txarrak eragindako geldialdiak. Horrez gain, Goiak adierazi du lan hauek ez dutela itsasargiko obrarekin loturarik, eta ez diotela eragingo.
Gaur egungo egoeran, arrisku larria dago azpitik zulatzea areagotzeko, kai-muturraren zimenduak zulatuz eta, ondorioz, hausteko arriskuarekin, eta horrek uhartearen itsas komunikazioak segurtasun baldintzetan egitea eragotziko luke. Premiazkoa da, bere neurriagatik, itsasontziak porturatzen diren eskaileretatik hurbilen dagoen sakonunean esku hartzea, hain zuzen, uhartearekin itsas komunikazioa ahalbidetzen duen gunean.
Proiektuan jasotako obrek barne hartzen dituzte ondorengo egitekoak: hormigoizko takoiaren nahiz zementu hidraulikoko zakuen, harri solteen, harri lubeten eta kai-muturraren oinean dagoen harearen kota artekoa eraistea, hondeatzea eta dragatzea, eta hormigoi urperatuaren bidezko lubeta berri bat egitea.