Ategorrietako sarraskia instituzionalki aitortzeko iradokizuna "aintzat" hartu du udalak
Aurtengo maiatzaren 27an Ategorrietako sarraskia gertatu zenetik 90 urte beteko direnez, EH Bilduk Donostiako Udalari iradokizun bat helarazi dio Ategorrietako Sarraskia instituzionalki aitortzeko. EH Bilduk azaldu duenez, udalak iradokizuna “aintzat” hartu du, “baina konpromisorik hartu gabe”. Aitortza instituzionala sindikatuekin eta bestelako eragileekin adostu beharko litzatekeela ere uste du EH Bilduk.
1931n Espainiako Bigarren Errepublika Eibarren aldarrikatu zutenetik hilabetera Ategorrietako sarraskia gertatu zen: “Donostian izan den langileen aurkako sarraskirik handiena”, Markel Ormazabal EH Bilduko zinegotziaren arabera. 1931ko maiatzaren 27an Guardia Zibilak 34 eta 19 urte arteko zazpi langile tiroz hil zituen Ategorrietan, eta 33 zauritu baino gehiago eragin zituen. Pasaiatik Donostiara zihoazen manifestazioan, “ogia eta askatasuna” eskatzeko. Izan ere, arrantzaleek atsedenerako egunak, soldatak handitzea eta portuko langileen baldintzak hobetzeko eskatu zieten armadoreei, eta horiek onartzen ez zituztenez, manifestazioa antolatu zuten Donostiara. Gobernu Zibilak ez zuen manifestazioa baimendu, eta guardia zibilak bidali zituen Ategorrietara, sarraskia eraginez.
“Donostiako herri memoria eraikitzeko” garrantzitsua da Ategorrietako Sarraskia oroitzea eta aitortzea, Reyes Carrere EH Bilduko bozeramailearen arabera. “Langileen mugimenduari errekonozimendua” egiteari ere garrantzia eman dio bozeramaileak, eta bere iritziz, “Guardia Zibilak Donostian marko juridiko oso desberdinetan izan duen paper errepresiboari buruzko gogoeta sakona egin behar da”.