Belartza Goikoa eremuko harriak erretiratzeko lanak lehiaketa bidez adjudikatuko ditu udalak
Añorgako Belartza Goikoa eremuko harri isurketa ilegala erretiratzeko prozesua abiatu du Donostiako Udalak. Asteleheneko udal batzordeetara eraman zuen gaia Elkarrekin Donostia udal taldeak, eta Nekane Arzallus Hirigintza zinegotzia interpelatu zuten. Arzallusek adierazi zuen udala eremuaren azterketa topografiko baten zain dagoela harri pilaketa kentzeko proiektua idazteko. Horrek hilabeteko iraupena izango duela gaineratu zuen. Ondoren, lehiaketa bidez adjudikatuko dituzte harriak kentzeko lanak.
Udalak modu subsidiarioan erretiratuko ditu harriak, Valeriano Urrutikoetxea S.L.U. lursailaren enpresa jabeak uko egin ostean lan horiek egiteko aginduari. Horrela, enpresa horrek ez du beteko EAEko Auzitegi Nagusiak 2019an emandako ebazpena, zeinak ilegaltzat jo zuen Belartza Goikoan egindako isurketa. Harri pilaketa 2016an egin zuten, eta ordutik han daude hondakinak.