Gaur ekingo diote Janssen etxearen txertoak jartzeari
Gaur hasiko dira donostiarrei Janssen etxearen txertoa jartzen, EMA Sendagaien Europako Agentziak txerto segurua eta eraginkorra dela berretsi eta gero. Euskal Autonomia Erkidegoak Janssen etxearen 6.850 dosi jasoko ditu gaur, eta hiruhileko honetan, Janssenen 330.000 txerto iritsiko dira guztira Hego Euskal Herrira
Osakidetzari aurreko astean iritsi behar zitzaizkion koronabirusaren aurkako Janssenen txertoaren lehenengo 6.850 dosiak, baina Espainiako Gobernuak estatu osoan banatzeko jasotako 146.000 dosiak gordetzea erabaki zuen, EMAren irizpideak izan arte. Izan ere, Johnson & Johnson enpresaren konpainia farmazeutikoaren txertoarekin lotu dituzten tronbosi kasuak aztertu ditu EMAk, eta ondorioztatu du Janssen txertoa eta AEBetan antzemandako tronbosi kasuak lotuta egon daitezkeela, baina albo-ondorio ezohikoak direla ziurtatu eta txertoa segurua eta eraginkorra dela baieztatu du ikerketak. Ondorioz, gaur bertan hasiko dira Janssen etxeko txertoak erabiltzen: dosi bakarrarekin immuniazioa lortzen du.
Donostian, Illunben 70 eta 79 urte arteko pertsonak ari dira txertatzen, momentuz Pfizerren botikarekin. Era berean, AstraZenecaren txertoa jartzen ari dira 65 urtetik beherakoei zezen plazan. Horretaz gain, Anoetan Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako langileak eta erabiltzaileak txertatzen ari dira Pfizerren botikarekin; hilaren 8ra arte, AstraZenecaren txertoarekin ari ziren, baina Anoetan medikamentu horren txertaketa etetea erabaki zuten, eta Pfizerrenarekin ari dira orain.