Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire donostiarrak igeriketa egokituaz ariko dira 'BAT to Tokio' saioan
Basque Team Fundazioak babestu dituen kirolariekin BAT to Tokio saioa ekoiztu du, eta atalak ETB1eko Helmuga programan ematen ari dira. Hilaren 25ean hirugarren atala emango dute (11:30), eta igeriketa izango da ardatza. Belaunaldi berri bat atalean Iñigo Llopis eta Nahia Zudaire igerilari donostiarrak izango dira protagonistak. Abuztuaren 24tik irailaren 5era bitartean egingo diren Tokioko Paralinpiar Jokoetan parte hartuko dute bi igerilariek. Prestaketa lanak nolakoak izan diren kontatuko dute saioan.
Llopisek, Basque Team fundazioko bekadunak, eta Zudairek, Kirol Egokituaren Euskal Federazioak eta Basque Teamek abian jarritako bikaintasun proiektuko kideak, modu ezberdinean egiten diete aurre Japoniako hiriburuan egingo diren jokoei. Llopisentzat bere bigarren jokoak izango dira Rio de Janeiron parte hartu ondoren. Brasilen bizi izandakoak joko hauei aurre egiteko balioko dio, kanpoko elementuez ahaztuz eta lehiaketan arreta gehiago jarriz. Llopisek berriro lortu zuen A gutxineko marka eta behin betiko ziurtatu zuen horrela Tokiorako txartela, otsailean jokatutako Bartzelona Hiria Nazioarteko Sariaren bizkar estiloko 100 metrokoan.
Bestalde, Zudairek B mailako gutxieneko marka lortu zuen estilo libreko 400 metroko proban. Lortutako B minimak aukera emango dio Japoniako hitzorduan lehiatzeko, A markarekin bete gabe gelditzen diren plazen arabera. Nahiaren ustez, garrantzitsuena une zehatzean urduritasuna kontrolatzea eta igeriketaz gozatzea da, eta hori ahaztu egiten da batzuetan.
Hona hemen aurrerapena: