Zerbitzu publikoetako langileak greba "historikoa" egiten ari dira
Hezkuntzako, osasungintzako, udal eta foru aldundietako, enpresa publikoetako, administrazio orokorreko, justiziako, komunikabe eta garraio publikoetako zein beste hainbat eremutako langileek Donostiako kaleak hartu dituzte gaur eguerdian. Izan ere, greba “historikoa” egiten ari dira Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako zerbitzu publikoetako langileak, eta gaur eguerdiko manifestazioan jendetza bildu da Erdialdean, “zerbitzu publikoen defentsan”. ELA, LAB, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek deitu dituzte gaurko greba eta goizeko manifestazioa.
Miren Zubizarreta ELA sindikatuko kidearen arabera, grebaren balorazio “oso positiboa” egiten dute sindikatuek: “Sindikatuok EAEko sektore publiko osorako deitutako grebak jarraipen zabal izan duelako langile publiko guztien aldetik eta bereziki behin-behinekotasunaren gaitza jasaten duten langileen artean”.
Zubizarretaren esanetan, “zerbitzu publikoen aldeko apustua egiteko, eta azpikontratazioaren aldeko apustu horri erantzuten dioten erabaki politikoak atzera botatzeko” eskatu diete zerbitzu publikoetako langileek Eusko Jaurlaritzari, foru aldundiei, udalei eta bestelako erakundeei. “Behin-behinekotasuna %40tik gorakoa da administrazioko sektore eta eremu publiko guztietan, enplegua sortzeko arazoak nabariak dira, negoziazio kolektiboa ez dago aktibatua, administrazioko agintariek euren kabuz dena erabakitzen dute, eta horrela ezin dugu jarraitu. Zerbitzu publikoetan prekaritatea eta ezegonkortasuna dago, eta zerbitzu publikoak negoziorako erabiltzen dira”, salatu du Gorka Berasategi LAB sindikatuko kideak. 120.000 langile inguruk egiten dute lan azpikontratatuta sektore publikoan, azaldu dutenez.
“Enplegu publikoaren aldeko apustua egiteko, lanpostu publikoak sortzeko, eta lanpostu publiko horiek langile publiko finkoz betetzeko” eskatu diete sindikatuek erakundeei, Zubizarretak azaldu duenez. Enplegu publikoaren kontsolidazio prozesuak martxan jartzeko ere eskatu dute. “Deialdi publikoak egin behar dira berme guztiekin, langile publiko horiek egonkortasuna lortu dezaten. Gainera, enplegu publikoa sortzeko mekanismoak behar ditugu. Ezin da urteetan bizi dugun egoera hau berriro errepikatu, eta horretarako, ezinbestez Eusko Jaurlaritzari eta gainontzeko erakundeei negoziazio kolektiboa benetan aktibatu dezaten eskatzen diegu”, adierazi du Berasategik.
Donostiako zerbitzu publikoetako langile ugarik egin dute greba gaur. Miren Zubizarreta ELAko kideak eta Gorka Berasategi LABeko kideak gaurko grebaren zergatia azaldu dute: