Aterpetxearen izena eta izana omenduko ditu horma irudiak
Ondarretako La Sirena udal aterpetxea kortse lantegi bat izan zen XX. mendearen hasieran. Horri egiten dio erreferentzia GEROarte kolektiboa egiten ari den horma irudiak. Lamia erraldoi batek eta emakume jostunek osatzen dute artelana. Donostiako Udaleko Gazteria sailak sustaturiko egitasmoak harrera ona izan du auzoan.
Historiari erreferentzia eginez, Ondarretako udal aterpetxeko horma irudia lamia batek eta haren ilea harien moduan lantzen duten emakume jostun batzuek osatzen dute. Lamia euskal mitologiako pertsonaia ezagunak lekuaren izenari egiten dio erreferentzia, eta jostunek historiari, XX. mendearen hasieran kortse lantegi bat baitzen gaur egun aterpetxea dena. Horma irudiak Reno plazatxoaren aldeko fatxada osoa hartuko du, eta Igeldo pasealekura doazen eskaileretatik jarraituko du. GEROarte kolektiboa apirilaren 1ean hasi zen horma irudia egiten, eta aste honetan eman dizkiote azken ukituak.
Donostiako Udaleko Gazteria sailak sustaturiko egitasmoa da, eta bere helburuetako bat da hiriko gazteekin komunikazioa eta harremanak erraztea. Ildo horretatik garatu dute horma irudiaren proiektua. Gainera, aterpetxearen ingurua puntu kritikotzat du udalak, haren ezaugarriengatik ez baita segurua emakumeentzat: «Arazo honi erantzuteko eta espazio publikoan emakumeen ahalduntzea ikusarazteko leku aproposa da. Indarkeria matxistez aske den Donostia aldarrikatzeko eta memoria historiko feministak berreskuratzeko balio du», azaldu du Gazteria sailak.
Claudia Pennese arkitektoa eta Iñigo Hernandez artista arduratu dira horma irudiaren kontzeptua lantzeaz, eta baita margotzeaz ere. GEROarte kolektiboko kideak dira, eta gustura daude orain arte artelanak izan duen harrerarekin. Inguruan bizi diren bizilagunei, eta adin desberdinetako auzotarrei «ideia paregabea» iruditu zaie. «Batez ere, orain gutxi arte fatxada zuri eta ilunari balio artistiko bat eman diogulako», azaldu dute biek.
Lekuaren historia
La Sirena izena eta eraikinaren historia kontzeptu berean josi dituzte horma irudia egiterakoan. «Gure faktore diferentziala lekua entzutea da. Fisikoa, soziala, kulturala zein emozionala. Espazio batean lan egiteko orduan, lekuaren historia ezagutzeko eta entzuteko saiakera egiten dugu. Hori berreskuratzea da gure helburua. Hori da horma irudi honen gakoa, eta ezingo litzateke beste leku batean jarri», azaldu du Pennesek.
Kortse lantegi izatetik aterpetxe izatera pasa zen eraikina, eta trantsizio hori islatzen saiatu dira horma irudian. Era berean, euskal mitologiarekin lotura egitea erabaki zuten. «La Sirena izenarekin jolastuz, aproposa iruditu zitzaigun gure mitologiako emakumezko pertsonaia bat irudikatzea. Gainera, bere ilea hari bihurtzen da, eta bat egiten du eraikinean lan egiten zuten emakume jostunekin», dio Hernandezek.
Horma irudi baten prozesua aurrera eramateko, tokiko herritar zein eragileekin elkartzea gustuko du GEROarte kolektiboak. Oraingoan, ordea, artxibora eta beste iturri batzuetara jo dute udal aterpetxearen fatxadari beste izaera bat emateko. «Antiguako emakume askok lan egin zuten kortse lantegian, eta auzoko hainbat emakumek adierazi diete eraikinaren historia ezagutzen dutela. Erreferentzia garrantzitsua izan dira guretzat», adierazi du Pennesek.
Hemendik aurrera, esperientzia herriaren eskura utzi dute. Izan ere, bi eratakoa izan daiteke. «Margotu ditugun hari gorrien bidez, goitik eta behetik bisitatu daiteke horma irudia. Batetik, aterpetxearen goiko aldetik, eta bestetik, behetik. Hari gorriak topatu eta horiek jarraitzea esperientzia interesgarria dela iruditzen zaigu», azpimarratu dute biek.