"Ihesean dabiltzanak beltzak direnez, hiltzen uzten ditugu"
Javi Julio zinemagile eta argazkilari donostiarra Itsas Salbamendu Humanitariokoekin errefuxiatuen erreskate batean ibili da Mediterraneoan. Han ikusi eta bizitakoarekin, ‘Aita Mari’ dokumentala ondu du, eta Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian izango da.

Nola heldu zinen Aita Mari itsasontzira?
2018ko martxoaren inguruan hasi nintzen grabatzen. Gobernuz kanpoko hiru erakunderen [GKE] artean antolatu zuten beste itsasontzi batean izan nintzen Itsas Salbamendu Humanitariokoekin, eta aurretik ezagutzen nituen. Itzuli nintzenean, esan zidaten beste itsasontzi bat hartu nahi zutela, eta Getarian desegitera bidaltzekotan ziren atun-itsasontzi bat aurkitu zutenean, Iñigo Gutierrezek [GKEko kidea] deitu zidan. “Itsasontzia dugu”, esan zidan. Bizpahiru hilabetetan eraldatzeko asmoa zuten, eta ekaina aldean Mediterraneora joatekoa. Beraiekin joango nintzela esan nien. Grabatzen hasi nintzen pentsatuz bizpahiru hilabetetan joango ginela, baina lanak zaildu ziren, eta gobernuak ez zion itsasontziari itsasora ateratzen utzi.
Grabaketa zaildu zuen horrek?
Beste dokumental batekin topo egin nuen orduan. Nik buruan neukana zen jende horri laguntzea itsasontzia berreraikitzen eta gero erreskate bat egiten. Azkenean, geldialdia baliatu nuen Europako Batasunaren [EB] mugetako migrazio politiken inguruan hitz egiteko, eta erakusteko EBk nolako utzikeriaz jokatzen duen itsasoan egin behar lukeen salbamenduarekin. Mugak zaintzen dituzte soilik. Niretzat, Aita Mari aitzakia bat da mugetako migrazio politika nolakoa den kontatzeko. Mugak zaindu eta defendatzen dituzte soilik: ez dago politika humanitariorik.
Zein da GKEek eta gizarte zibilak alor horretan egiten duten lana?
Aita Mari-ri dagokionez, gizarte zibileko jendeak egiten du EBko estatu kideek egiten ez duten lana, eta kezkak dituen jendeak lortu behar du itsasontzi bat izatea, dirua biltzea eta itsasontzia eraldatzea, eta jende horrek joan behar du itsasora, bizitza beste guztiaren gainetik jartzera. Ezin dugu utzi jendea itsasoan hiltzen.
Dokumentalean zer ikusiko dugu?
2018ko apirilean hasten da, ontzioletako langileek itsasontzia gainbegiratzen dutenean, eta hortik Pasaiara eramaten dute. Ordutik 2019ko azarora arte luzatzen da, orduan egin genuelako lehenengo misioko erreskatea.
Zerk bultzatu zaitu Mediterraneoan gertatzen ari dena dokumental batean islatzera?
Erreskatatu genuen itsasontzia kasualitatez aurkitu genuen: beste baten bila genbiltzan. Handik bizpahiru ordura ekaitza egon zen inguru horretan: itsasontzia aurkitu izan ez bagenu jende hau desagertuko zen, eta kopuru bat gehiago izango ziren. Hori, zenbatzen badira. Ez dago ziur zenbat pertsona hiltzen diren Mediterraneoan, gorpuak itsasoan hondoratu egiten direlako. Ezin da salbamenduarekin utzikeria egin: ezin dugu jendea itsasoan utzi. Turista ingeles talde bat itsasoan egongo balitz, inguruko edozein herrialde korrika joango zen erreskatatzera, zuriak direlako. Kasu honetan, ihesean dabiltzanak beltzak direnez, hiltzen uzten ditugu. Nire ustez, horri guztiari ahotsa eman behar zaio, ezin dugu aurpegi iluna jarri naufragioak gertatzen direnean, eta gero ezer ez egin hori ekiditeko. 2015eko naufragioan, esaterako, 800 pertsona hil ziren.
Profesional moduan, zein irizpide jarri dituzu mediterraneoko egoera erakusterako orduan?
Muntatzeko orduan geneukan helburuetako bat zen ez zedila bereziki dramatikoa izan. Ez du esan nahi zentsura egin dugunik: drama neurrian erakutsi behar da, bestela jendeak baztertu egiten duelako. Zorionez, egin genuen erreskatea ondo atera zen, baina niretzat garrantzitsuena da jendeak hor gertatzen dena ulertzea: nire amak ulertzea behar dut, argudioak eman behar dizkiot. Azaldu nahi diot zer den Triton operazioa, Mare Nostrum operazioa, zertan bereizten diren… Azaldu nahi diot zer gertatzen den jende honekin, nortzuk diren kostazain turkiarrak, nori ari garen itsasontziak ematen… Hori guztia jakin behar du jendeak, hortik abiatuta bakoitzak osatu dezan bere iritzia ikusitakoarekin.
Erreskatatu zenituzten pertsonak non daude une honetan?
Hainbat lekutan daude. Batzuk Frantzian daude, beste batzuek Italian asilo-eskubidea eskatu ahal izan dute, eta gehiengoa Sizilian geratu da. Aurrerago beraiekin elkartzeko asmoa daukat, beraiekin hitz egin eta Aita Mari-ren zikloa amaitzeko.
Noizbait amaituko al da Mediterraneoko egoera latza?
Ni nahiko pesimista naiz: okerrera goaz. Erreskateko itsasontzien lana zaildu dute: askotan hiru hilabetez geldirik egotera behartzen dituzte Italian. Azken finean, Europako Batasunak erreskateak geldiarazi nahi ditu, nabarmen uzten dutelako.