LABek elkarretaratzea egin du gaur, Iruñean sei kide atxilotu izana salatzeko
LAB sindikatuko garbiketa sektoreko bi ordezkari eta beste lau sindikalista atxilotu zituzten Iruñean asteartean. Gaur Donostiako Bulebarrean elkarretaratzea egin dute LABeko sei kide horiek atxilotu izana salatzeko. “LABeko sindikalistok protesta ekintza bat egin genuen CENen [Nafarroako Enpresaburuen Elkartearen] egoitzan, bai; ISN enpresa ustiatzaile bateko kamioi batera ere igo ginen”, esan dute LABeko kideek. “Polizia-operazioa” salatu dute gaur Donostian eta Euskal Herriko beste hainbat hiri eta herritan. “Ez da kasualitatea, borroka sindikal feminista gero eta indartsuagoa denean, erantzuna gogorra, bortitza eta muturrekoa izatea”, azaldu dute LABeko kideek.