Trafiko istripuak %12,5 gutxitu ziren 2020an
Donostian 1.368 trafiko istripu gertatu ziren iaz, 2019an baino %12,5 gutxiago. Istripuen ia erdia pertsona zauriturik gabekoak izan ziren, eta bi pertsona hil ziren, 2019an baino bi gutxiago. Martin Ibabe Hiri Segurtasuneko zinegotziak eta Pilar Arana Mugikortasun zinegotziak eman dituzte 2020ko trafiko istripuen datuak.
Autoak zein motorrak izan dira istripu gehien eragin dituztenak. Era berean, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak –patinete elektrikoak–, estatistikan sartu dira eta 33 istriputan izan dute eragina –istripu kopuru hori urte osoan hirian gertatutako istripuen %2,4 da–. Aldiz, bizikletek eragindako istripuak dira gehien hazi direnak; zehazki, %20.
Istripuek eragindako zaurituei dagokienez, iaz pertsona gehiago zauritu ziren 2019ko datuekin alderatuta. Zauriturik gabeko istripuak %47 izan ziren, eta orotara izan 800 pertsona zauritu ziren; 744 arinak, 54 larriak, eta bi hildako. Zendu zirenak motor gidari bat –Igarako istripu batean– eta ertzain bat –Urumea ibaian– direla adierazi du Ibabek.
Zaurituen kopuruak gora egin du
Pasa den urtean 86 harrapatze gertatu ziren, iaz baino hiru gutxiago, baina aldiz, harrapatze horietan izandako zaurituen kopuruak gora egin du: 95 pertsona harrapatuak izan ziren, 2019an baino bi gehiago. Dena dela, 2020an harrapatze baten ondorioz inor ez zen hil, 2019an aldiz, pertsona bat hil zen. Zehatzago esanda, hirian gertatutako harrapatzeen ondorioz, 83 pertsonek zauri arinak izan zituzten, eta 12k zauri larriak. “Oso garrantzitsua da gidariak zein oinezkoak kontzientziatzea arauak errespetatzeko, izan ere, datuek erakusten dute harrapatze gehienak deskuiduen edo zirkulazio arauak haustearen ondorioz gertatu zirela”, azpimarratu du Aranak.