Zergatik joan liburu denda txikietara Liburuaren Egunean?
Liburuaren Eguna da gaurkoa, ezohikoa eta salbuespenezkoa. Irakurzaleek, ordea, hartu dute tarte bat gaur goizean Donostiako liburu denda txikietatik pasatzeko, eta liburuak begiratzeaz gain, baten bat erosteko. Liburu denda ugari ditugu hirian, eta horietako asko txikiak dira. %10eko deskontua ezarri dute liburu denda askok gaurko egunez, eta beste batzuk, aldiz, kalera atera dira. Tobacco Days liburu denda Pinudi plazan dago gaur. Ines Garcia da saltzailea, eta garrantzia eman dio Liburuaren Egunari: “Urte osoan zehar joan behar gara liburu denda txikietara, baina horrelako egun bat ospatzea beharrezkoa da gure irudia zabaltzeko eta gure existentzia jende gehiagori iristeko”, azaldu du.
Arrasate kaleko Ubi liburu dendako erakusleihoan %10eko deskontua ikus daiteke. Liburu denda txikien gertutasuna nabarmendu du Isabel Ubiria liburuzainak: “Inguruko jendeak badaki gu hemen gaudela beti prest. Badakigu bezeroak nolakoak diren eta zer nahi duten”.
Liburu dendetan denetariko liburuak saltzen dituzte, eta badira liburu bereziak ere: altxorrak. Ines Garciak Lucia Boned idazlearen La voz del padre, la voz de la madre liburua du altxor Pinudi plazako postuan. Isabel Ubiriak, berriz, Ibon Martin donostiarraren La hora de las gaviotas liburua nabarmendu du.