Arteuparte arte estudio, galeria eta denda ixteko aldebakarreko erabakia hartu du Tabakalerak
Sei urte daramatza Tabakaleran Arteuparte arte estudio, galeria eta dendak. Abuztuaren 25ean itxi egingo dute lokala, Tabakalerak kontratua ez berritzeko aldebakarreko erabaki hartu duelako. “Zenbait aste generamatzan Arteuparte zabaldu nahian: oraingo dimentsioa mantentzeaz gain, ondoko lokala hartu nahi genuen, eta Tabakaleran gehiago finkatzeko gogoa ere bagenuen. Hala ere, ikusten genuen ez zizkigutela posta elektronikoak erantzuten, eta aste honetan Tabakalerako gerentea etorri zaigu esanez ez digutela kontratua berrituko: alde bakarreko erabakia izan da”, azaldu du Iñaki Bellido Arteuparteko kideak.
Tabakalerako buruekin negoziatzeko aukerarik ez dute izan, Bellidoren arabera. “Mezua helarazi zigun gerenteak laneko azken eguna zuen, eta aitzakia hori baliatuta ez zigun azalpenik eman. Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari orokorrak hartu du aldebakarreko erabakia, ikusten dugunez. El Diario Vasco egunkarian irakurri dugu gaur goizean ez digutela kontratua berritu zuzendaritzarekin izandako negoziazioek ez dutelako fruiturik eman. Gezurra da: inoiz ez dute gurekin eseri nahi izan inolako negoziaziorik burutzeko. Erabakia hartuta dutela esan digute, eta atzeraezina dela”, salatu du Bellidok. Espazioari “beste erabilera” batzuk emango dizkio Tabakalerak; Bellidok ez daki zeintzuk diren.
Hala ere, Arteuparte ez da desagertuko: “Arteupartek aurrera jarraituko du proiektu, galeria, estudio, eta concept store moduan, inoiz baino indar gehiagorekin. Orain lokalak bilatzen ari gara, Donostiako leku enblematikoetan. Argi eduki dezala jendeak: Arteuparte ez doa inora. Lekuz mugituko da, baina ez da amaituko, inola ere ez”, adierazi du Arteuparteko kideak.