Atzokoa "ekintza sinboliko eta baketsua" izan zen, ostalarien esanetan
Atzo ertzainek ostalarien aurka eragindako "bidegabekeria" salatu du gaur SOS Ostalaritzak, eta atxilotutako ostalari batek jasandako tratu "iraingarria" salatu dute. Gaur, 20:30ean, elkarretaratzea egingo dute udaletxearen aurrean.
SOS ostalaritza taldea Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean bildu da gaur goizean, “atzo, hemen bertan, ertzainek gure aurka eragindako bidegabekeria salatzeko”. Izan ere, Gipuzkoako SOS Ostalaritza taldeak euren sektoreak bizi duen egoera salatzeko protesta egin zuten atzo goizean, eta bost manifestari aldundiko ateetan kateatu ziren. Protestan zeuden gainontzeko ostalariek euren kideak babesten zituzten bitartean, Ertzaintza bertaratu zen, eta tenaza batzuekin kateak moztu zituzten. Bertaratutako ostalariak jotzeaz gain, kateatu ziren bostak atxilotu zituzten ertzainek. “Fitxa poliziala ireki zuten, argazkiak eta aztarnak hartu zizkiguten, eta desordena publikoak egotzita askatu gintuzten”, azaldu dute gaur atxilotuek. Abokatuei bertaratzen utzi ez zietela ere salatu dute.
Atzokoa “ekintza sinboliko eta baketsua” izan zela nabarmendu dute ostalariek, bizi duten “irtenbide eza” salatzeko egindakoa. Gainera, atxilotutako ostalari batek jasandako tratu “iraingarria” salatu dute. Horrela kontatu du ostalari horrek jasotako tratua: “Eskuak lotuta komisaldegira iristean, ziegan sartu eta goitik behera biluztuarazi gintuzten. Biluztu ahala, arropa guztiak ertzainei pasa behar genizkien, beraiek ukitzeko, barruko arropa barne. Nire kasuan, nire prakek lokarriak zituztenez, konfiskatu zizkidaten eta kulerotan utzi ninduten. Bost orduz egon nintzen horrela, bai ziegan, bai komisaldegi osoan zehar ibiltzen nindutenean. Gorputz osoko fitxa polizialerako argazkia ere kulerotan egin didate. Esan nien, mesedez, ea ez ote zien lotsarik ematen fitxa poliziala horrela egiteak. Erantzunik ez. Komunera joateko garaian ere, ertzaina nire aurrean zegoen, pixa egiteko nola makurtzen nintzen begiratzen. Zer nahi zuten, umiliatzea? Lotsatzea? Kikiltzea? Zeharo zaurgarri sentitzea? Zertara dator hau? Langileak gara, ez gaizkileak!”.
Atzo egindako ekintza baketsuak jasotako erantzun poliziala “bidegabekeria” bat dela esan dute ostalariek, eta nabarmendu dute atzo egindako ekintza eta egiten dituzten gainerako guztiak baketsuak direla: “Gure jarrera baketsua da”. Iñigo Urkullu lehendakariari esan diote bizi duten egoera “onartezina” dela. Zenbait hedabideri”ostalaritza kriminalizatu” nahi izana ere egotzi diete.
Mikel Benito ostalariak atzoko protestaren ostean deitoratu zuen erakundeen neurriak “saltoki txikien eta ostalaritzaren aurka” doazela beti. Hain zuzen, hedabideei helarazitako prentsa oharrean, ostalariek salatu dute “Urkulluren gobernuak” ostalaritza aurkeztu duela “pandemiaren bilakaeraren erantzule eta errudun gisa; Eusko Jaurlaritza bera laugarren olatu hau saihesteko egindako kudeaketa txarraren erantzule izanik”.
Bestalde, diru-laguntza falta ere salatu dute, eta nabarmendu dute Gipuzkoakoa dela ostalaritzarentzako diru-laguntza gutxien bideratu duen aldundia: ostalarien arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratu diru ostalaritzako bonoetarako, Arabakoak 300.000 euro eta Bizkaikoak milioi bat euro. “Urkulluren gobernua: non dago urte hasieran agindutako 30 milioiko partida? Maiatzaren 9tik aurrera, zein plan dago aurreikusita gure sektorerako? Erantzunak behar ditugu!”, gaineratu dute. Euren “bizitzak eta lanak” jokoan daudela azpimarratu dute, eta ez direla “gaizkileak”, langileak baizik.
Ostalaritzak bizi duen egoera eta atzoko protestak izandako erantzun polizial “lazgarria” salatzeko, SOS Ostalaritzak bat egingo du Aurrera Ostalaritza taldeak gaur arratsalderako deitutako elkarretaratzearekin. 20:30ean elkartuko dira, Donostiako udaletxearen aurrean (Bulebarrean).
Honakoa da atzo ostalariek egindako protestaren bideoa: