Egia kaleko 22. zenbakiko bizilagunek "biolentzia inmobiliarioa" salatu dute

Kaleratze arriskuan daude Egia kaleko 22. zenbakiko hamabi bizilagunak. Sareb erakundearenak dira eraikin horretako etxebizitzak, eta ez diete kontratua berritu nahi. Haya Reale Estate enpresa da Sareben kudeatzaile nagusia, Capital Management putre funtsaren parte dena. Bizilagunek salatu dute alokairu-kontratuak amaitu ahala, maizterrak kaleratzen hasiko direla: “Une honetan, 87 urteko emakume bat egoera irregularrean dago”. Familia baten kontratua urrian amaituko da, eta beste batena datorren urteko otsailean. Bizilagunek adierazi dute Sarebek uko egin diola maizterrei inolako azalpenik emateari, eta “biolentzia inmobiliarioa” jasaten ari direla salatu dute: “Presio eta xantaia etengabeak” eta “etxetik ateratzeko mehatxuak” jasan dituztela adierazi dute.
Egia kaleko 22. zenbakiko bizilagunek Sarebi eskatu diote kaltetutako pertsonen alokairu kontratuak berritzeko, “orain arteko baldintza berdinetan”. Donostiako Udalari, berriz, Sarebekin harremanetan jartzeko eskatu diete bizilagunek, “hutsik eta salgai dauden bi pisuak eta merkataritza-lokala udal-jabetzara pasa daitezen, horien izaera publikoa eta etorkizuneko erabilera bermatu dadin: alokairu sozialeko etxebizitzak, pisuen kasuan; eta auzo-kudeaketarako espazio komunitarioa, merkataritza-lokalaren kasuan”, bizilagunek azaldu dutenez. Udalak adierazi du “prest” daudela bitartekaritza lana egin eta Sarebekin harremanetan jartzeko.
“Ezin diegu finantza-erakunde espekulatiboei gure auzoetako bizitzaz jabetzen utzi”, esan dute bizilagunek. Auzoko eta hiri osoko denetariko eragile eta taldek bat egin dute bizilagunen salaketa eta eskariarekin. Egia 22 asanbladak Egiako eta Donostia osoko bizilagunei eskatu die Egia kaleko 22. zenbakiko maizterrak babesteko eta finantza-erakunde horien jardueren aurrean “gaitzespena” adierazteko. Horretarako, manifestazioa egingo dute apirilaren 30ean, 18:30ean, Iruresoro plazatik (Plaza Berri) hasita.