EHUk biltzeko eskubidea "bortxatu" duela salatu du Unibertsitateko Indar Batasunak
UIB Unibertsitateko Indar Batasunak gutun bat bidali die Euskal Herriko Unibertsitateko HEFA Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko dekanotza taldeari eta Gipuzkoako Campuseko errektoreordetza taldeari, “unibertsitate esparruan jardun politikoa aurrera eramateko askatasun politikoen egikaritzea eta bermea” eskatzeko. 2020-2021 ikasturtean HEFA fakultatean biltzeko askatasuna “bortxatua” izan dela salatu du UIBk, eta eskubide hori aldarrikatu dute: “UIB unibertsitateko langile sektore ezberdinak (ikasleak, irakasleak, ikerlariak, garbitzaileak…) beren bizi-baldintzen defentsan antolatzen jarduten duen taldea da. EHUko komunitateko kideez osatutako eragilea garen heinean, gure jarduna aurrera eramateko behar ditugun espazioak eskuratzeko eskubidea dugu. Eskubide hau funtsezkoa da unibertsitatean jardun politikoa egiten dugunontzat, izan ere biltzeko espazio fisikoa ez bermatzea biltzeko funtsezko askatasun hau urratzea da azken finean, eta horren bidez politika egiteko aukerak ezabatzea”, salatu dute.
Izan ere, 2020ko irailean ikasleek erabiltzen zuten gela itxi izana salatu dute: “Ordutik UIBko kideok behin eta berriro biltzeko eskubide hau errespetatua izan dadila eskatu badizuegu ere, entzungor egin diezue aipatu eskaerei. Epe honetan zehar, campuseko errektoreordetza eta EHUko errektoretza ere auzian inplikatuak izan zarete, eta hala ere ez da oinarrizko eskubide hau betearazi. Aginte organo guzti hauek eskubide urraketa horren erantzuleak zarete, beraz”, esan du UIBk.
“Erantzukizun hau are larriagoa da askatasunen urraketa aitzakia bidez babestu denean. Osasun larrialdi egoera erabili da, murrizketa hauek egiteko. Ez da bidezkoa inola ere unibertsitateko klaseetan, korridoreetan edo bertara joateko garraio publikoan ikasle eta langileak pilatzea eta beren osasuna arriskuan jartzea, gero, jardun politikoa debekatzea osasuna arriskuan ez jartzearen aitzakiapean. Finean, bizi dugun egoera unibertsitateko aginte organook gustuko ez duzuen politika zentsuratzeko erabili izanaren ondoriora iritsi gara”, adierazi du UIBk.
Otsailaren 22an, “lan politikoa egiteko azpiegitura beharrak eta dekanotzaren jarrera pasiboak mahaian kolpe bat jotzera” eraman zituen UIBkoak, eta HEFA eta Psikologia fakultateen artean dagoen Zorroaga aretoan sartu ziren. Handik hiru egunera Ertzaintza campusean sartu zen, eta ikasleak Zorroaga aretotik bota zituen. Ertzaintzaren “bortizkeria” salatu zuten ikasleek. Hurrengo egunean 300 lagun inguru elkartu ziren manifestazio batean, eta “eraso” horren aurrean “azpiegituren gaineko langile sektoreen kontrola” defendatzeaz gain, “kontrol sozialarekin eta errepresioarekin amaitzea eta askatasun politikoak bermatzea” eskatu zuten.
UIBk “bere jardun politiko zilegia aurrera eramateko espazio bat negoziatzeko mahai bat osatzera” dei egin dio unibertsitateari. HEFA fakultateko Ikasle Kontseiluak, aho batez, bat egin du UIBren gutunarekin eta eskakizunarekin.