Hegazti babestuak daude Antondegi lursailean
Miru beltz bikote batek Antondegin habia egin duela ohartarazi du Itsas Enara elkarteak, olatu artifizialen surf parke bat jarri nahi duten eremutik 50 metrora. Itsas Enara elkarteak azaldu duenez, “miru beltza Hegaztien Europako Zuzentarauaren I. eranskinean dago; beraz, administrazioak neurri bereziak hartu behar ditu espezie horren habitatari dagokionez”.
Donostiako Udalak Wavegarden enpresaren olatu artifizialen surf parkea eremu horretan eraikitzea “Donostian egoera onean dagoen atlantiar landazabaleko eremu bakarretako bat degradatzea” dela uste du Itsas Enara elkarteak. “Miru gorri bikote bat eta Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoko beste espezie batzuk ere ibiltzen dira inguruan”, gehitu du.