"Langileak gara, ez gaizkileak!", oihukatu dute ostalariek
Atzokoa "ekintza sinboliko eta baketsua" izan zela nabarmendu dute ostalariek, bizi duten "irtenbide eza" salatzeko egindakoa. Gainera, atxilotutako ostalari batek jasandako tratu "iraingarria" salatu dute.
SOS Ostalaritza taldea osatzen duten hamarnaka ostalarik elkarretaratzea egin dute iluntzean Donostiako udaletxearen aurrean, Ostalaritzak bizi duen egoera eta atzoko protestak izandako erantzun polizial “lazgarria” salatzeko. “Langileak gara, ez gaizkileak!”, “Ostalaritza aurrera!”, eta “Urkullu entzun, ez gara errudun” bezalako leloak entzun ahal izan dira Bulebarraren inguruan.
Izan ere, Gipuzkoako SOS Ostalaritza taldeak euren sektoreak bizi duen egoera salatzeko protesta egin zuten atzo goizean, eta bost manifestari aldundiko ateetan kateatu ziren. Protestan zeuden gainontzeko ostalariek euren kideak babesten zituzten bitartean, Ertzaintza bertaratu zen, eta tenaza batzuekin kateak moztu zituzten. Bertaratutako ostalariak jotzeaz gain, kateatu ziren bostak atxilotu zituzten ertzainek. “Fitxa poliziala ireki zuten, argazkiak eta aztarnak hartu zizkiguten, eta desordena publikoak egotzita askatu gintuzten”, azaldu dute gaur atxilotuek. Abokatuei bertaratzen utzi ez zietela ere salatu dute.
Atzokoa “ekintza sinboliko eta baketsua” izan zela nabarmendu dute ostalariek, bizi duten “irtenbide eza” salatzeko egindakoa. Gainera, atxilotutako ostalari batek jasandako tratu “iraingarria” salatu dute.
Mikel Benito ostalariak atzoko protestaren ostean deitoratu zuen erakundeen neurriak “saltoki txikien eta ostalaritzaren aurka” doazela beti. Hain zuzen, hedabideei helarazitako prentsa oharrean, ostalariek salatu dute “Urkulluren gobernuak” ostalaritza aurkeztu duela “pandemiaren bilakaeraren erantzule eta errudun gisa; Eusko Jaurlaritza bera laugarren olatu hau saihesteko egindako kudeaketa txarraren erantzule izanik”.
Bestalde, diru-laguntza falta ere salatu dute, eta nabarmendu dute Gipuzkoakoa dela ostalaritzarentzako diru-laguntza gutxien bideratu duen aldundia: ostalarien arabera, Gipuzkoako Foru Aldundiak 100.000 euro bideratu diru ostalaritzako bonoetarako, Arabakoak 300.000 euro eta Bizkaikoak milioi bat euro. “Urkulluren gobernua: non dago urte hasieran agindutako 30 milioiko partida? Maiatzaren 9tik aurrera, zein plan dago aurreikusita gure sektorerako? Erantzunak behar ditugu!”, gaineratu dute. Euren “bizitzak eta lanak” jokoan daudela azpimarratu dute, eta ez direla “gaizkileak”, langileak baizik.