Zahar etxeen "eredua" berrikusi behar dela uste du Elkarrekin Donostiak
Miguel Angel Moral Altzako lehen arretako arduradunak Osakidetzak Altzako DomusVi Berra zahar etxean egindako “interbentzioa” azaldu du aste honetan Eusko Legebiltzarrean. 118 erabiltzaileko zahar etxean guztira 21 pertsona hil dira COVID-19aren eraginez, eta 86 kutsatze izan dira guztira pandemia osoan. Hala ere, Moralen arabera, 2020ko martxotik “35 pertsona hil dira” koronabirusaren ondorioz, “ez 21”. Lur azpiko lehen solairuan kutsatzeen ondorioz hiltzear zirenei “kalitate duina” eskaintzeko gune bat ezarri zutela adierazi du Altzako lehen arretako zuzendariak.
Elkarrekin Donostiak, DomusVi Berra zahar etxeko “eskandalua” ikusita, zahar etxeen “eredua” berrikusteko eskatu die erakundeei: “Gure adinekoen zaintza ezin dugu euren bizitzekin negozioa egin nahi duten enpresarien esku utzi”, esan du Aitzole Araneta bozeramaileak.
“Domus Vi kateak kudeatutako Donostiako Villa Sacramento egoitza FFP2 maskarak kobratzen aritu da, gutxienez 2020ko abuztua eta 2021eko martxoa bitartean”, gehitu Aranetak. Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari “eskuak garbitu eta beste alde batera begiratzea” egotzie die Elkarrekin Donostiak.
Horregatik, Elkarrekin Podemos-IUk mozio arrunta aurkeztuko du datorren osteguneko Batzar Nagusien ohiko Osoko Bilkuran, “Foru Gobernuari eskatzeko Domus Vik komisiorik kobratu duen Donostiako egoitzetan hildako pertsonak hileta-etxe jakin batera bideratzeagatik, eta enpresa horren aurkako neurriak har ditzan, egoitza horietan itundutako plazen kontratazioa ahal bezain lasterren eten dezan eta hildakoen senideei ustez kobratutako dirua itzultzeko mekanismoak abian jar ditzan”.