Arbaizenea garbitzeko eta haren balioa zaintzeko eskatu du Eguzkik
Eguzki Talde Ekologistak Arbaizenea basoa garbitzeko eskatu dio Donostiako Udalari. Morlans, Aiete eta Amara lotzen dituen basoan zegoen kanpaleku bat hustu ondoren, ingurua hondakinez beteta geratu dela ohartarazi dute. Horietako batzuek Morlansko erreka partzialki estaltzen dutela gaineratu dute.
“Erreka horren gainean egin zuen Donostiak bere lehen ur ekarria 1609an, eta oraindik ere geratzen dira bertan balio historikoa duten aztarnak; esaterako, bere baitan iturri bat duen etxola bat. Etxola honen goiko plaka hautsi egin da eta hura konpontzea premiazkoa dela iruditzen zaigu”, azaldu du Eguzkik. Horrekin batera, ingurua txukuntzeko plana “lehenbailehen aktibatu” behar dela diote. “Bada proiektu bat, Lur Paisajistak enpresak idatzita, egun inolako babes legal edo funtzionalik ez duten aztarna historiko horiek txukun jartzeko. Baina udalak ez du aktibatu, antza denez, diru kontuengatik”.
Eguzkiren iritziz, premiazkoa da Arbaizeneako basoari balioa emango dioten proiektu hau eta beste batzuk martxan jartzea. “Izan ere, baso hau oso denbora laburrean lursail handiak galtzen ari da, hainbat proiekturen ondorioz (Txanpuene baserria eraistea eta “villak” eraikitzea; metroa; etxebizitza gehiago, etab.). Arbaizeneako basoa birika bat da Donostiarentzat, eta aisialdirako gune bat Morlans eta Amarako auzokoentzat; gainera, gorde beharreko kultura eta ingurumen ondare aberatsa du”, nabarmendu dute.