Reala berdinketa batekin itzuli da Sevillatik
Reala eta Betisen arteko partidako jokaldi bat. (Argazkia: La Liga) Realak Sevillara bidaiatu zuen, larunbatean Betisen aurka aritzeko, eta puntu batekin itzuli ziren txuri-urdinak Donostiara. Amaiur Sarriegik ireki zuen markagailua bosgarren minutuan, jokaldi bikain baten ostean. Lehen zatia 0-1 amaitu zen, eta bigarrena hasi eta berehala Betisek partida berdindu zuen, Angela Sosaren gol bati esker. Ana Gonzalez Rosak aurretik jarri zituen sevillarrak 70. minutuan, baina Amaiur Sarriegik 85. minutuan partida berdindu zuen Nerea Eizagirreren pase bati esker.
Hala, laugarren postuan jarraitzen du Realak ligan, Txapeldunen Ligatik postu batera. Real Madril da Txapeldunen Ligan sartzeko azken taldea, hirugarrena, eta sei puntuko aldea dago bien artean. Zazpi partida geratzen zaizkie txuri-urdinei liga amaitzeko, eta guztia eman beharko dute hirugarren postua eskuratzeko.
Eskubaloian, Realak Granollersen aurka jokatu zuen Katalunian, eta garaipen batekin itzuli da Donostiara. Lehen postuan da ligan Bera Bera, eta bigarrenak baino sei puntu gehiago ditu, nahiz eta bigarrenak, Rocasak, partida bat gutxiago jokatu duen. Lau partida geratzen zaizkio Bera Berari liga amaitzeko.
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek UCAM Murtziaren aurka jokatu zuen Donostian, eta 78-88 galdu zuen. Azken postuan daude donostiarrak, eta lehen mailan geratzeko postuak lau puntura ditu, liga amaitzeko bost partidaren faltan.
Belar hockeyan, Realak ligako azken partida irabazi du Jolasetaren aurka, etxean. Garaipen honi esker, zortzigarren postuan amaitu dute txuri-urdinek liga, eta lehen mailan geratuko dute datorren denboraldian ere.


