Zeresana sortu du Maria Inmaculada komentuaren etorkizunak
Donostiako Udalak Groseko Maria Inmaculada komentuaren eremuan lau izarreko hotel bat eraikitzea onartu du. Ategorrieta etorbidearen eta Marino Tabuyo eta Jose Maria Soroa kaleen artean dagoen komentua hotel bihurtuko dute, eta gaur egun patioa dagoen eremuan beste eraikin bat eraikiko dute, funtzio bera izan dezan. Lau izarreko hotelak 84 logela izatea aurreikusi dute. Komentuaren kanpoaldea eta San Pio X.aren elizarena mantenduko dituzte, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak babesten dituelako. Hotelaz gain, supermerkatu bat eta aparkaleku bat eraikiko dituzte Maria Inmaculada komentuaren orubean.
Komentuaren etorkizunak kritika ugari jaso ditu hirian. Esaterako, eraikuntza berri horren aurka azaldu da EH Bildu, eta Elkarrekin Donostiak zuhaitzen landaketari lehentasuna emateko adierazi du. EA Eusko Alkartasuna alderdi politikoak –EH Bildu koalizioaren barruan dago– kezka adierazi du “eraiki nahi den hiri ereduarekin”. Maria Inmaculada komentuan lau izarreko hotel bat, supermerkatu bat eta aparkaleku bat eraikitzeak “etxebizitzarako eskubidea, merkataritza-eredua eta gure hiriko auzoen egunerokotasuna zailduko” dituela uste du EAk.
Steilas sindikatuak, berriz, Maria Inmaculada ikastetxearentzako “konponbidea exijitu” die enpresari, Kristau Eskolari eta Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, komentuaren zati handiena Lanbide Heziketako itunpeko eskola batek osatzen du gaur egun, eta ekainean desagertuko da. Steilas sindikatuak salatu du 13 langile kaleratuko dituztela eta 175 inguru ikasleren eskolaratzean eragina izango duela itxierak. Horregatik, bi eskakizun egin ditu sindikatuak. Batetik, “ikastetxearen titularrari eta Kristau Eskolari exijitzen diegu arduraz joka dezaten, eta langileak, familiak nahiz ikasleak asebeteko dituen konponbidea eman dezaten”. Bestetik, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailari eskatu diote “ikastetxeak izan ditzakeen irtenbide aukera guztiak aztertzeko, publifikazioa barne, beti ere hezkuntza komunitatearekin adosturik”.
Gainera, nabarmendu dute ikastetxe itunduan finantzaketa publikoa jaso izan duela hezkuntza itunen bidez, “eta orain, negozioak etekinik ematen ez duenean ikastetxea ixtea erabakitzen da. Hori horrela, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu negozio honen bitartez eskuratuko diren irabaziak aztertzea, zaintzea eta, orain arte jasotakoaren truke, ogasun publikorako berreskuratzea”, azaldu du sindikatuak.