Amaia Zubiria abeslariari emango diote aurtengo Adarra Saria
Amaia Zubiria abeslariak jasoko du aurten Donostia Kulturak ematen duen Adarra Saria. “Amaia Zubiria euskal musikaren ordezkari garrantzitsuenetakoa da. Joan den mendeko 70eko hamarkadan hasi eta gaur egunera arte luzatzen den ibilbidean, aparteko gaitasuna duen interprete eta musikagilea dela utzi du agerian eta funtsezko eragina izan du haren ondorengo euskal musikarien belaunaldietan”, azaldu du Donostia Kulturak.
Amaia Zubiriak “zirkulu baten amaiera” moduan jaso du saria: “Bizitza asko izan ditut. Eta horietako bakoitza zirkulu bat bezala ikusten dut. Aurrekoa itxi arte ez nintzateke erabat sartuko hurrengoan. Balego. Gainera uztai bat ixterakoan beti xirrikitu bat uzten saiatzen naiz, batek daki. Adarra Saria horrela bizi dut, musikarekiko dudan zirkulu honen amaiera bezala. Hurrengoaren hasiera, agian”, adierazi du abeslariak.
Amaia Zubiria Zubietan jaio zen 1947an, eta lau hamarkadako ibilbidea du bizkarrean. “Euskal Abestigintza Berriak emandako emakumezko abeslaririk garrantzitsuena da Amaia Zubiria”, Donostia Kulturaren arabera.
Euskal musikaren arloan garrantzia duten abeslari eta musikariei banatzen die Adarra Saria Donostia Kulturak 2014tik. Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak eta Kepa Junkerak jaso dute dagoeneko; aurten, Amaia Zubiriaren txanda da. Ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, 19:00etan, Viktoria Eugenia antzokian jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra. Bertaratu nahi duen orok, Viktoria Eugenia antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan edota www.donostiakultura.eus/sarrerak webgunean eman dezake izena.