Barkaiztegiko trenbide pasabidea kentzeko protokoloa onartu du udalak

Donostiako Udalak eta Adifek protokolo bat onartu dute Martuteneko tren geltokiaren ondoan dagoen Barkaiztegiko trenbide pasabidea kentzeko. Hirugarren haria ezartzeko lanek aurrera egiteko beharrezkoa dela azpimarratu du Eneko Goia alkateak. Lan horiek lotura zuzena dute AHTaren tren geltoki berriarekin.
“Aspalditik dakigu trenbidearen inguruan egiten ari diren lanek halabeharrez eskatzen zutela hiriko pasabideak kentzea. Bere garaian Okendotegin horrela egin zen. Une honetan, behin-behineko egitura handi bat dago trenbidea gainetik pasatzeko. Orain Barkaiztegikoa kendu behar da, eta Adifek esan digu ezin dela gehiago itxoin”, azaldu du alkateak.
Pasabidea kentzeko prozesua bi fasetan egitea adostu dute. “Adifi hainbat baldintza eskatu dizkiogu, sortzen dituen eragozpenak leuntzeko. Alde batetik bestera pasatzeko behin-behineko egokitzapenak egin beharko dituzte, eta bi urteko epean behin-betiko irtenbidea jarri beharko dute. Gainera, pasabidea zabaltzea eskatu diegu, bai oinezkoentzat eta ibilgailuentzat.”, esan du Goiak.
Lehen fasean, Adifek beharrezkoak diren aldez aurreko jarduerak egingo ditu, trenbide pasagunearen ordezko ibilbideen bidez ibilgailuen trafikoa behin-behinean desbideratzeko. Gainera, pasabidea babesteko instalazioak kentzeaz arduratuko dira, bai eta trenbide pasabidearen itxitura eta itxitura fisikoa egiteaz ere, trenbide plataformara sartzea galarazteko. Bigarren fasean, trenbide pasabidea itxi ondoren, Adifek bere gain hartuko ditu behin-betiko bidegurutzearen proiektua idaztea eta obrak burutzea. Horretarako, Hipikako bidean gaur egun dagoen pasabidearen ordez beste bat eraikiko da. Bi milioi eurokoa da aurrekontua, eta bi urteko epea ezarri dute.
Geltokiaren lekualdaketa
Martuteneko geltokia lekuz aldateko eskatu dio udalak Adifi. “Egungo geltokiak arazoak ditu, eta hirugarren hariarekin ezin bada goitik beste aldera pasa, irtenbide bat da geltokia lekuz aldatzea Guk proposatu dugu ibaiak Martuteneren bi aldeak lotzen dituen pasabidearen ondoan jartzea geltokia”, azaldu du Goiak. Geltokia lekuz aldatzeko proposamena “aspaldikoa” dela gaineratu du.