"Bost orduz kulerotan izan ninduten komisaldegian"
Gipuzkoako SOS Ostalaritza taldeak protesta egin zuen hilaren 23an Gipuzkoako Aldundiaren aurrean. Bost ostalari aldundiko ateetan kateatu ziren, eta Ertzaintzak bostak atxilotu zituen. Horietako batek, Elena Gineak, komisaldegian jasandako tratu "iraingarria" salatu dute. IRUTXULOKO HITZAk berarekin hitz egin du.

Pasa den asteko ekintza “sinbolikoa eta baketsua” izatea nahi zenutela adierazi duzue. Ordea, gauzak okertu ziren. Zergatik?
Kateatu ginen ostalariok adierazi genuen bost minutuko protesta bat izango zela. Gure sektoreak bizi duen egoera itogarria adierazteko, kateak gure lepoetan jarri genituen. Aldundiko segurtasunekoak bultzaka hasi ziren, eta egoera kritikoa izan zen. Momentu batzuetan ia arnasik gabe geratu ginen. Gure ondoan zegoen beste kide bat giltzekin etorri zen giltzarrapoa askatzeko, baina ez zioten utzi. Orduan, kateak moztu eta eraikin barrura eraman gintuzten.
Aldundiaren eraikin barrura eraman, eta noiz jakin zenuten atxilotuta zeundetela?
Barrura sartu orduko gu identifikatzen hasi ziren, eta azken momentuan adierazi ziguten atxilotuta geundela. Hori jakitean, gure abokatuak sartzeko baimena eskatu genien ertzainei, baina aukera hori ukatu ziguten. Azkenik, sartu ziren, baina ez ziguten beraiekin hitz egiten utzi. Ondoren, Antiguako komisaldegira eraman gintuzten.
Komisaldegian ere abokatuekin hitz egitea ukatu zizueten, ezta?
Horrela da. Abokatuak atera hurbildu ziren, baina ez zieten pasatzen utzi. Abokatuekin hitz egiteko eskubidea genuela adierazi ziguten, baina azkenean aukera hori ukatu ziguten.
Ziegan jasan zenuena “iraingarria” izan zela adierazi duzu.
Arropa kentzeko eskatu ziguten ziegan sartu orduko. Emakumezko bi ertzain etorri ziren. Biluztu ahala, arropa guztiak ertzainei pasa behar genizkien, beraiek ukitzeko, barruko arropa barne. Nire kasuan, nire prakek lokarriak zituztenez, konfiskatu zizkidaten. Beste batzuk ekarri zizkidaten, baina txikiegiak ziren, eta tamaina handiagokorik ez zutela esan zidaten. Orduan nire prakei lokarriak kentzeko esan nien, baina ez zidaten kasurik egin. Bost orduz kulerotan izan ninduten komisaldegian. Gainera, pare bat aldiz atera ninduten ziegatik. Lehenik, deklarazioa hartzeko. Eskaileretan gora eta behera eraman ninduten kulerotan. Abokatua sartzen utzi ez zutenez, deklaratzeari uko egin nion. Ziegara eraman ninduten. Bigarrenik, fitxa poliziala egiterakoan. Gorputz osoko argazkia ere kulerotan egin zidaten. Onartezina eta iraingarria iruditu zitzaidan.
Ertzaintzaren jokabidea bidegabea izan zen atxilotu guztiekin?
Ez ona eta ez txarra. Dena dela, bada beste kontu bat aipatu nahi dudana. Atxilotuetako bat kezkatuta eta urduri zegoen haren amarengatik. Ahalik eta azkarren atera nahi zuen komisaldegitik. Ertzainei kontatu nien egoera, eta bost atxilotuetatik atera zuten azkena izan zen.
Zigorrik ezarri dizuete?
Desordena publikoaren aurka egin izana egotzi digute, baina oraindik zigorrik ez. Abokatuek daramate gaia. Dena dela, ez dugu ezer onartuko. Protesta baketsu bat egin genuen, ikusarazteko ostalariek bizi dugun egoera zaila.