Donostiaren intzidentzia maila altuak Gipuzkoarekin "lotura estua" duela dio Eneko Goiak
Azken hamar egunetan, Donostia EAEko intzidentzia maila txikiena zuen hiriburua izatetik altuena izatera pasa da. Horren inguruan galdegin diote Eneko Goia alkateari, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. Hiriaren intzidentzia maila altuak “azalpen logikoa” duela adierazi du: “Donostiaren egoerak lotura estua du inguruarekin, Gipuzkoako gainerako herriekin. Inguruan intzidentzia maila handitzen bada, hiriburuan ere. Azken bi olatuetan horrela gertatu da”.
Kezkatuta dagoela aitortu arren, datozen egunetan egoerak hobera egitea espero du Goiak. “Badirudi olatuaren goiko puntan gaudela, eta laster egoera orekatuko dela. Horrela izatea nahiko nuke, ospitaleko okupazio maila oso altua delako”.