Eneko Goiak dio Egiako mugikortasun egitasmoa "zarataren gainetik" aztertu behar dela
Egiako Tejeria eta San Kristobal kaleak oinezkoentzat izan dira bi astez. Igandean bukatu zen Egia Pausoz Pauso mugikortasun egitasmoaren esperientzia, eta horren inguruko lehen balorazioa egin du Eneko Goia alkateak: “Zaratatsua izan da, baina zarataren gainetik aztertu behar da izan duen harrera. Normaltasun osoz onartu beharko genituzke halako egitasmoak”.
Orain, balorazio prozesu bat egingo dela gaineratu du alkateak. “Herritarrek esango dute ondo edo gaizki iruditu zaien. Hori bai, argi ikusi da aldeko eta kontrako jarrerak daudela”, azaldu du Goiak.