Intzidentzia metatuak gora egiten jarraitzen du Donostian
89 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo, eta une honetan, hiriko intzidentzia metatua 631,06koa da. Osasun eremu guztiek gainditu dute 400eko intzidentzia metatuaren langa.
Intzidentzia metatuak gora egin du hamar osasun eremutan. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) Eusko Jaurlaritzak argitaratu dituen datuen arabera, 89 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten Donostian atzo. Une honetan, hiriko intzidentzia metatua 631,06koa da, eta gora egiten jarraitzen du. Izan ere, 606,39koa zen intzidentzia metatua atzo, 566,91koa zen ostiralean, 535,11koa, berriz, ostegunean. Donostiak 400eko intzidentzia metatua gainditu duenez, Donostia perimetralki itxi zuten duela astebete.
Ondorioz, pasa den asteartetik Donostiako mugak itxita daude, eta zenbait neurri murriztaile daude indarrean. Batetik, ostalaritzaren barnealdeko ordutegia murriztu dute: 06:30etik 09:30era eta 13:00etatik 16:30era baino ezin da tabernen eta jatetxeen barruan egon. Bestetik, apustu-etxeek ostalaritza zerbitzua barruan baino ezin dute eman, zehaztutako ordutegietan. Gainera, ezin dira lau pertsona baino gehiago elkartu toki itxietan kirola egiteko, baina kirolari profesionalak eta federatuak neurri horretatik salbuetsita daude. Aldagelak eta dutxak itxita daude; igerilekuetan %35eko pertsona kopurua onartzen dute, eta dutxak bakarka erabili ahal dituzte. Donostia itxita badago ere, inguruko udalerrietara joateko aukera dago erosketak egiteko edo aire libreko kirola praktikatzeko.
Gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –kanpoaldean, soilik–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak gora egin du bederatzi osasun eremutan, eta Grosen behera egin du; Bidebietan berdin mantendu da:
- Egia: 899,50
- Parte Zaharra: 693,64
- Amara Berri: 643,02
- Gros: 577,47
- Ondarreta: 558,09
- Altza-Roteta: 505,23
- Aiete: 497,35
- Bidebieta: 485,64
- Amara-Erdialdea: 484,76
- Intxaurrondo: 446,90
- Loiola: 422,46
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 20
- Egia: 13
- Gros: 12
- Ondarreta: 10
- Parte Zaharra: 7
- Aiete: 7
- Altza-Roteta: 6
- Loiola: 4
- Amara-Erdialdea: 3
- Intxaurrondo: 3
- Bidebieta: 2


