Katalina Erauso eta Javier Barkaiztegi kaleen arteko plazaren egoeraz kexu dira bizilagunak

Katalina Erauso eta Javier Barkaiztegi kaleetako bizilagunak bi kaleen arteko plazak daukan egoera salatu dute, eta kexa horietaz ohartuta, prozesu parte hartzaile bat burutu du Amara Berriko Auzo Elkarteak martxoan. Plaza horretako sei atarietako bizilagunei inkesta bat helarazi zien auzo elkarteak haien iritziak jakiteko, eta ehun bizilagunek baino gehiagok erantzun dute. Erantzun duten pertsonen %79,8ak uste du plazak aldaketa bat behar duela, eta %20,1ek, berriz, ez.
Bizilagunek salatu dute plaza hori eremu laiotz eta hezea dela, eta zuhaitz altuek eguzkiaren argia estaltzen dietela eta eltxoak erakartzen dituztela. Udazkenean lurra orbelez betetzen dela esan dute, eta neguan belardia lokazti bihurtzen dela. Zuhaitzen kopurua murriztea proposatu dute bizilagun batzuek. Gainera, plazako eserlekuak, lurra eta bestelako azpiegiturak egoera txarrean daudela salatu dute.
Prozesu parte hartzailearen emaitzen berri eman die auzo elkarteak Marisol Garmendia eta Duñike Agirrezabalaga zinegotziei, eta auzo elkarteak salatu duenez, hilabete eta erdi geroago ez dute erantzunik jaso. “Ez dugu ulertzen zein den erantzunik eman ez izanaren arrazoia, eta uste dugu bizilagunek egindako mobilizazioak erantzun bat merezi duela gutxienez”, adierazi du auzo elkarteak.