"Merezi dugu lorturikoa, zalantzarik gabe"
Urrezko LEB ligara igo da Azpeitiko eta Azkoitiko Iraurgi taldea. Iñaki Jimenez (Bidebieta, 1984) da entrenatzailea, eta egun batzuk behar izan ditu lorturikoaz jabetzeko. Jokalarien denboraldia "bikaina" izan dela dio.
Igoera fasea Bartzelonaren bigarren taldearen kontra jokatu zenuten, eta bi partidak irabazita lortu duzue Urrezko LEB ligara igotzea. Nolakoak izan ziren partidak?
Joaneko neurketan sei puntuko errenta lortu genuen etxean, eta bagenekien Bartzelonako itzulerako partida zaila izango zela. Partzial on bat egingo zutela uste genuen, baina neurketa uste baino hobeto kontrolatu genuen. Dena dela, azken laurdenean zortzi eta zazpi puntuko errenta lortu zuten, baina berehala erantzun genuen hiruko saskiratzeekin. Oso pozik nago taldeak jokaturiko bi partidekin.
Lau urteren ondoren, Iraurgi Urrezko LEB ligara itzuli da. Dena dela, hori zen helburua?
Egia esan, ez. Gure helburua zen ligan ondo aritzea, maila ona ematea. Azkenean oso ondo aritu gara, eta agerikoa da emaitza. Aurtengo taldea xumeagoa zen iazkoarekin alderatuta. Batez ere, COVID-19aren eraginez ez genekielako diruz nola ibiliko ginen. Horrela ere, babesleak alboan izan ditugu. Juaristi da babesle nagusia, baina beste txiki asko ere baditugu, eta badakigu osasun krisiarekin asko sufritu dutela. Gure asmoa apalagoa bazen ere, ikaragarria da lorturikoa. Jokalariek oso ondo entrenatu dute urte osoan. Gazteak dira eta sekulako gosea erakutsi dute.
Kontziente zara lorturikoaz?
Hasierako helburua izan ez arren, denboraldiak aurrera egin ahala konturatu ginen igoera fasea jokatu genezakeela. Egun batzuk pasata konturatu naiz lortu dugunaz. Urrezko LEB ligan dauden taldeak probintzietako hiriburuetakoak dira edo ACB ligan aritutakoak. Bat-batean, Azpeitiko eta Azkoitiko talde bat horien artean egotea harrigarria da. Are gehiago, etxeko jokalariekin. Harrobiko lau jokalari aritu dira, donostiar bat eta beste euskaldun batzuk. Talde oso desberdina da gurea liga horretan daudenekin konparatuta. Merezi dugu lorturikoa, zalantzarik gabe.
Tamalez, ezin izan duzue zaleekin ospatu. Hori da falta izan dena?
Bai. Alde batetik, zaleen falta partidetan nabaritu dugu. Batez ere, etxetik kanpoko neurketetan zaleak bazeudelako. Azaroa eta abendua aldean zalerik ezin zen sartu kiroldegietara, baina urtarriletik aurrera partida gehienetan publikoarekin jokatu dugu, baina hemen ez dugu publikorik izan. Bestetik, iaz Kopa irabazi ostean bizitakoa izugarria izan zen. Herriko bandarekin ospatu genuen, harrera egin ziguten eta udaletxera joan ginen eta harrera egin ziguten. Aurten ez da posible izan, eta pena da.
Iaz bezala, Kopa ere irabazi duzue aurten. Bi urtez jarraian lortzeak arruntago bihurtzen du?
Inolaz ere. Iazkoa oso garrantzitsua izan zen etxean irabazi genuelako, eta Azpeitiko kiroldegia beteta zegoen. Aurtengo finala Bartzelonan jokatu genuen, eta ikaragarria izan zen lorturikoa. Markagailuan 23 puntu azpitik egon ginen, eta horri buelta ematea lortu genuen. Sekulakoa izan zen. Ohitu egiten zarela dirudi, baina garrantzia eman behar zaio irabaztea oso zaila delako.
Datorren sasoiari begira, Iraurgi prest dago Urrezko LEB ligan aritzeko?
Zilarrezko eta Urrezko LEB ligen artean 50.000 euroko gastu fijoaren aldea dago. Diru asko da gure aurrekontuak ikusita. Gero proiektu bat sortu behar da, eta Iraurgik oso argi dauka bere proiektuaren oinarria beti izango dela etxeko jokalariekin aritzea, eta taldearen erdia gipuzkoarra izatea. Hori da Iraurgiren nortasuna. Hori dena lortzeko laguntza beharko da.
Entrenatzaile gisa jarraituko duzu?
Ez dakit, ikusiko dugu zeintzuk diren baldintzak. Hori bai, sekulako ilusioa egingo lidake horrelako liga batean entrenatzeak.
Datorren denboraldian ziurrenik Gipuzkoa Basket eta Iraurgi maila berean egongo dira?
Bai, hori dirudi. Bi taldeen proiektuak oso desberdinak dira. Ordea, batzuen lan onari esker eta ACBk duen exijentzia mailaren ondorioz, maila berean elkartu daitezke. Esan bezala, Iraurgirena harrobiari oso lotua dago, batez ere, Gipuzkoako harrobiari. Gaur egun, Urrezko LEB ligan eta ACB ligan dauden jokalari gipuzkoar ia guztiak Iraurgitik pasa dira. Aldiz, Gipuzkoa Basket ikuskizunari lotutako proiektua da, eta ez harrobiari. Ikusi beharko da proiektu guztiak bideragarriak diren. Hori bai, Iraurgik laguntza merezi du jokalekuan irabazi duelako.