"Udal gobernu honek arautu ditu etxebizitza turistikoak eta hotelen afera"
EAJk, PSE-EEk eta PPk babestu dute Hiri Antolaketarako Plan Orokorraren barruan dauden Hirigintzako Arau Orokorren aldaketa. Horren bidez, besteak beste, lehen solairutik gorako etxebizitza turistikoak legeztatuko ditu udalak.

Apirileko udalbatzarrean onartu dute behin-betiko arauen aldaketa. Etxe turistikoen aferak eztabaida sortu du udal taldeen artean, eta “gutxi batzuen interesak lehenestea” egotzi diote udal gobernuari EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak.
Nekane Arzallus Hirigintza zinegotziak gogor erantzun die bi udal taldeei. Batez ere, EH Bilduko Reyes Carrereri. “Udal gobernu honek arautu ditu etxebizitza turistikoak eta hotelen afera. Horrela da, eta ezin duzu ukatu”, esan du Arzallusek. Horrekin batera, Hirigintza Arau Orokorren aldaketa “beharrezkoa” dela argudiatu du, “legea betetzeko”. Izan ere, oposizioko hiru udal taldeek azpimarratu dute Plan Orokorraren berrikuspena egin behar dela, zaharkitua geratu delako.
Etxebizitza turistikoei dagokienez, udal talde guztiek euren iritzia plazaratu dute udal batzar aretoan. “Aldaketa honekin, etxebizitzaren espekulazioa erraztuko da, hiriak eta hiritarrek dituen beharrei uko eginez. Izan ere, datuek diote 1.272 etxe turistikoetatik ia erdiak lehen solairutik gora daudela”, azaldu du Elkarrekin Donostiako bozeramaile Haizea Garaik.
Ildo beretik aritu da Carrere ere: “Duela gutxi argitaratu den ikerketa baten arabera, hirian 559 etxebizitza daude lehen solairutik gora. Ilegalak ziren ordenantza onartu aurretik, eta orain berriz ere legalizatuko dituzue araudia aldatu ondoren. Jabe gehienak enpresak dira, eta badira izen-abizenak dituzte norbanakoak”. Horrekin batera, udal gobernuaren “autokritika” falta nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak. “Etxe turistikoen ordenantza ibilbide laburrekoa izango zela ohartarazi genizuen, eta denborak arrazoia eman digu. Ordea, zuek hori ez diguzue aitortuko”.