Arbaizeneako basoaren balioa azpimarratu dute
Kezkatuta daude Morlanstarrak auzo elkartea eta Eguzki talde ekologista. Morlans, Aiete eta Amara lotzen dituen basoa «zikinkeriaz beteta» dagoela ohartarazi dute. Era berean, basoaren ondarea zaintzeko eta babesteko eskatu diote udalari.
Morlansko igogailu inklinatuaren eta bidegorriaren eskuinean bidexka bat dago. Zuhaitz eta landareen artetik gora eginez gero sar daiteke Arbaizeneako baso txikira. Ez da sarbide bakarra, baina bai inguruko herritarrek erabili ohi dutena. Duela gutxi arte kanpaleku bat zegoen eremu horretan, eta hondakinez beteta geratu da udalak hustu ondoren. Han topatu dutenarekin larrituta, Morlanstarrak auzo elkarteak eta Eguzki talde ekologistak udalari eskatu diote basoa garbitzeko, landaredia txukuntzeko eta ondarea zaintzeko.
Auzo elkarteak Arbaizeneako basoa babesteko proiektu bat aurkeztu zuen 2018ko aurrekontu parte hartzaileen prozesuan. Basoa garbitu, zuhaitzak eta ondare ekologikoa katalogatu, txorientzat habiak jarri, ondare arkeologikoa babestu eta bidexka bat egiteko eskatu zuten. «Proposamenak herritarren aldeko boto asko jaso zituen, eta udalak proiektua aurrera eramateko konpromisoa hartu zuen», adierazi du Ana Urrestarazuk, Morlanstarrak auzo elkarteko kideak. Ordea, hiru urte luzeren ondoren udalak ez du abian jarri egitasmoa. «Basoaren egoerak okerrera egin du, ondarearen zati bat hondatu edo desagertu da, eta joera hori eteteko irtenbiderik ez dute jarri», azpimarratu du Urrestarazuk.
Arbaizeneako basoaren ondare arkeologikoari merezi duen balioa emateko eskatu du auzo elkarteak. «Morlanstik Aietera igotzen den igogailuaren eskuinean ondare arkeologikoa dago: harraska bat eta etxola bat. Harraska oso berezia da formarengatik eta garbitzeko moduagatik, eta erabat utzita dago», azaldu du Urrestarazuk. Basoan etxola bat baino gehiago zegoen, eta ura kanalizatzeko balio zuten. Ordea, Arbaizeneako luxuzko etxebizitzak egin zituztelean etxola bakarra utzi zuten. «Etxola honen goiko plaka hautsi egin da eta hura konpontzea premiazkoa dela iruditzen zaigu», ohartarazi du Eguzkik.
Arbaizeneako basoan erreka bat dago, eta horren gainean egin zuen Donostiak bere lehen ur ekarria 1609an. Era berean, hango ura erabili zen Donostiako sutea itzaltzeko 1813an. «Garai batean oso garrantzitsua izan zen Morlanstik zetorren ur hori», nabarmendu du Urrestarazuk. Hain zuzen, garai hartakoak dira harraska eta geratzen den etxola bakarra.
Alba familiarena
Arbaizeneako basoa 1997an saldu zion Alba familiak Donostiako Udalari. Udalaren esku dagoen hamar hektareako eremuan Txanpon Enea parkea eraikitzeko asmoa du udalak ordutik: Morlanstik, Amaratik eta Aietetik sarbidea izango duen berdegune bat. Hala ere, ez dute ordutik proiektua martxan jarri. Basoaren gaineko eremuan, luxuzko etxebizitzak eraiki dituzte Jose Olaizola kalean, eta promozio berri bati ekingo diote Txanpuene baserria zegoen tokian.
Parkearen proiektuaz harago, basoa txukuntzeko plan bat du mahai gainean udalak. «Bada proiektu bat, Lur Paisajistak enpresak idatzita, egun inolako babes legal edo funtzionalik ez duten aztarna historiko horiek txukun jartzeko. Baina udalak ez du aktibatu, antza denez, diru kontuengatik», azaldu du Eguzkik.