Berdeguneetan ongizatea eta natura uztartzen dituen egitasmoa aurkeztu dute
Cristina Enea Fundazioak eta Donostiako Udalak apiriletik ekainera luzatuko den proiektu pilotua jarri dute abian hirian, baso bainuak egiteko egokiak diren naturagune eta berdeguneak zehazteko helburuarekin. Hiru taldek parte hartuko dute, eta hiriko lau kokalekutan egingo dituzte baso bainuak, zortzi astez: Ulia mendian, Aiete parkean, Ametzagaña parkean eta Miramon parkean. Baso bainuak egiten hasi diraBi orduko iraupena duten saioak dira.
Baso bainu saioak aste honetan hasi dira +55 taldeko kideak, Emaus Fundazioko emakume talde bat eta EHUko irakasleen beste bat. Ekainaren 14ko astean bukatuko dira, astean talde bakoitzak bi orduko saio bat eginez.
Oihana Orkolagak, Cristina Enea Fundazioko ordezkariak, proiektuak hiru alor onuragarriak aipatu ditu. Batetik, osasunaren esparruan, “osasun-baliabide gomendagarri berri bat izan daitekeelako arazo fisiologikoak edo psikologikoak dituzten pertsonentzat”. Bestetik, gizarte-esparruan, “desparekotasun-, kalteberatasun- eta gizarte-bazterketako egoeretan dauden pertsonentzako jarduera egokiak eskaini ahalko baitira, jakin-mina eta pentsamendu kritikoa, segurtasuna eta konpetentzia, eta taldearen eta naturaren arteko lotura sustatzen baitituzte”. Eta, azkenik, ingurumen esparruan, baso bainuen bidez naturarekiko kontaktua berreskuratzea bilatzean, “indartu egiten da herritarren eta natura-ingurunearen arteko lotura, eta naturaren balioa nabarmentzea eta babestea errazten du”.
Shinrin-yoku teknika japoniarra
Baso bainuak, edo shinrin-yoku japonieraz, Japonian sortu ziren XX. mendeko 80ko hamarkada hasieran, naturarekin birkonektatzeko eta osasunerako onura zuzena lortzeko tresna gisa. Prebentzioko eta osasunaren kontserbazioko praktika dira, eta ongizatea hobetzea, estresa arintzea eta atsedena sustatzea dute helburu. Arreta osoko printzipioetan oinarritzen da: zentzumenak basoaren atmosferara irekitzea, basoan ibiltzean abiadura motelduz, basoko airea arnastuz eta paisaiarekiko lotura emozionala sustatuz.
Gaur egun, teknika hori hainbat hiri eta lurraldetan esperimentatzen ari dira, pertsonen osasuna hobetzen ari dela egiaztatzen duten hainbat eta hainbat azterlanekin.